101 igerilari
Goierriko 101 igerilarik osatu zuten asteburuan Getaria eta Zarautz arteko itsasaldia. Hamalau herri ezberdinetako ordezkariak izan ziren
Goierriko 101 igerilarik osatu zuten asteburuan Getaria eta Zarautz arteko itsasaldia. Legazpiarrena izan zen multzorik jendetsuena. Hemeretzi igerilarik lortu zuten erronka osatzea. Ataungo, Beasaingo, Idiazabalgo, Lazkaoko, Legorretako, Ordiziako, Ormaiztegiko, Segurako, Urretxuko, Zaldibiako, Zegamako, Zeraingo eta Zumarragako kirolariak ere izan ziren. 3.000 igerilarik baino gehiagok hartu zuten parte denera.
Getariako portua eta Zarauzko hondartza lotu behar izan zituzten igerian. Ia hiru kilometroko trabesia. Iñaki Guinea urretxuarra izan zen goierritarren artean azkarrena. 35.05 behar izan zuen, irabazleak baino ia bost minutu gehiago. Sailkapen nagusian lehen 20en artean bukatu zuen eta bere mailan bigarrena izan zen. Gema Hernandez herrikidearen lana ere nabarmentzekoa izan zen: 40 minututatik jaistea lortu zuen eta bere mailako podiumean sartu zen.
Ruben Van Gool eta Candela Sanchez izan ziren irabazleak lehen mailan. Hugo Alberto Cardoso eta Ana Damasio, bigarren mailan eta Attrait Christophe eta Ana Vega euskal herritarrak, hirugarrengoan.
Luzean ere bai
Hiru kilometro gutxi zaizkionak ibilbide luzea egiteko aukera zuen: Zarauzko hondartza alderik alde gurutzatu, joan eta etorri. Bost kilometro, denera. Iñigo Pujanda beasaindarrak eta Iñaki Guinea eta Iker Garmendia urretxuarrek osatu zituzten itzulia. Ruben Van Gool eta Candela Sanchez izan ziren azkarrenak ere proba honetan.