1936an Beasainen fusilatutakoak eta eraildakoak oroituko dituzte
Bihar da ekitaldia fusilatuen oroigarrian, 19:00etan. Aurten, 87 urte beteko dira 1936ko Altxamendu militarraren ondorioz Beasainen 35 herritar hil zituztenetik.
Bihar, uztailaren 27an, 87 urte beteko dira 1936ko Altxamendu militarraren ondorioz, Beasainen 35 herritar hil zituztenetik. Honela, Beasaingo fusilatuen eta eraildakoen aldeko herri-ekimenekoek oroitzapen ekitaldia antolatu dute biharko, fusilatuen monumentuan bertan, 19:00etan. Euria egingo balu, Igartzako jauregian egingo da ekitaldi nagusia eta monumentuan lore-eskaintza. «Gonbita berezia egiten diegu ekitaldirako biktimen familiarteko guztiei, Oroimen-lanaren argitalpena egiten lagundu zuten guztiei eta herritar guztiei».
Duela 87 urte hildako 35 herritarrez gain, Beasaingo beste hamasei pertsona ere hil zituzten 1942ra bitartean, «eta asko izan ziren kartzelan egonak, eta abar». Honela, 2013az geroztik, uztailaren 27an, urtero (2020a salbu birusagatik) egin izan da oroitzapen-ekitaldi bat haiek guztiak gogoratzeko.
Irakurle Taldeak berriz, 18:00etan egingo du urteroko solasaldia, jauregian. Alberto Barandiaranen Gurea falangista zen liburua aztertuko dute.