Alex Aranburu eta Ion Izagirre hautatu dituzte Glasgown aritzeko
Bi goierritar Munduko Errepide Txapelketan lehiatuko dira: Alex Aranburu ezkiotarra eta Ion Izagirre ormaiztegiarra. Espainiako selekzioak 2023ko Munduko Txapelketara deitu ditu bi txirrindulariak.
Frantziako Tourrean aritu dira bi goierritarrak; Izagirrek, gainera, hamabigarren etapa irabazi zuen. 30 kilometroren faltan erasoa jo eta bakarrik helmugaratu zen Belleville-en-Beaujolais herriko helmugan. Azkeneko gaina harrapatu baino bi kilometro lehenago erasoa jo zien iheskideei. Ordu erdi baino gehiagoko jazarpen proba hasi zuen orduan, baina indartsu eutsi zion tarteari. Amaieran ia minutuko aldea atera zuen.
Glasgowko Proba honek 271 kilometroko ibilbidea izango du, eta bi bloketan banatu dute lasterketa.
Edinburgon abiatuko da, eta Glasgow hiriko alderdi urbanora joan beharko dira. Pelotoiak 120 kilometro egin beharko ditu, eta tartean Crow Road ere igo beharko dute; 5,8 kilometro %4,8ko aldaparekin.
14,3 kilometroko zirkuitu hau bihurgunez eta aldapaz josia dago, eta txirrindulariek hamaika itzuli eman beharko dizkiote ostadar mailotaren jabe berria zein izango den jakiteko. Esan daiteke, beraz, ondo egokitzen zaien ibilbidea izango dela hau.
Lasterketa hau baino lehen, gainera, Gipuzkoan egongo dira bi txirrindulariak, larunbat honetan Donostiako Klasikoan egongo baitira biak. Gainera, Ordiziako Klasikoa eta Donostiako Klasikoaren eraginez txirrindulari askok Goierrin pasako dute aste hau.
Abuztuaren hasieran ospatuko da aurten Glasgowko lasterketa, eta espainiako selekzioak dagoeneko aurkeztu ditu lehiatuko diren zortzi txirrindularien izen abizenak. Pascual Momparler izan da txirrindulariak hautatu dituena, eta horien artean Alex Aranburu ezkiotarra eta Ion Izagirre ormaiztegiarra izendatu ditu. Hautatzaile nazionalak txirrindulari bakoitzaren egoera aztertu eta haien hurrengo helburuak zein diren jakin ostean aurkeztu du Espainiako Selekzioa ordezkatuko duten txirrindularien izenak.
Abuztuaren 6an izango da lasterketa, eta 271km-ko distantzian aritu beharko dira. Txapelketa honek, gainera, egutegi aldaketa izan du, eta horren arrazoia Glasgowko Super Mundiala izan da, lehen aldiz ekitaldi guztiak ekitaldi berean ospatuko baitira diziplina guztietako Munduko Txapelketan. Hau, abuztuaren 3tik 13ra izango da. Txapelketa honetan erlojupekoak eta lasterketak izango dira, eta elite maskulinoa, femeninoa, 23 urtez azpiko maskulinoa, junior maskulino eta femeninoa eta errelebo lasterketa misto bat ere izango dira. Horietan ez dago goierritarrik.