Carlos Di Lorenzoren 'El comienzo' erakusketa ikusi daiteke Aterpen
Erakusketa uztailaren 7tik abuztuaren 30era ikusi ahalko da. Egunerokotasunean ikusten duena eta bururatzen zaiona margotu du margolanetan
Carlos Di Lorenzo margolari beasaindarraren erakusketa ikusgai dago Aterpe tabernan. Erakusketari “El comienzo” izena jarri dio eta egunerokotasunean ikusten duena eta bururatzen zaiona margotu du margolanetan.
Di Lorenzok txikitatik izan du gustuko margotzea. Bere esanetan, “ikaragarri disfrutatzen” du horretan. “Bizirik” sentiarazteaz gain, egunero “aurrera begiratzen” laguntzen dion zerbait da margotzea. Jainkoari, familiari eta bere inguruko jendeari oso eskertuta dagoela dio artistak, beren babesa “ezinbestekoa” izan baita lana aurrera eramateko. Bestalde, Di Lorenzok autodidakta moduan aurkezten du bere burua; bere kasa hasi zen margotzen eta horrela dihardu gaur egun ere.
Beasaindarra 2019an hasi zen akrilikoarekin lanean eta kolore ugari erabiltzen ditu bere margolanetan. Erakusketan, animaliak, autorretratuak, pelikula zein telesail desberdinetako pertsonaiak eta beste zenbait irudi aurkitu daitezke.
Erakusketa uztailaren 7tik abuztuaren 30era ikusi ahalko da Aterpe tabernan. Edozeinek joan dezake Di Lorenzoren lana ikustera.