Jose Luis Sanzi eta Txapel Gorriri ehun urteren aitortza
Ehungarren ekitaldia, inoizko partaidetza handienekoa eta goren mailako bost talderekin egiteaz gain, antolakuntzarentzat berezia izan da. Txanda urtea, 101 urteko bidean aro bat amaituta.
Asko elikatzen da txirrindularitza keinuetatik. Ordizian, atzo, ekitaldi berezien kutsu nabarmena izan zuen probak. Ehungarren ekitaldia zuen, 1922an lehenengo egin zenetik. 1936ko eta 1937ko gerra-urteetan soilik izan dira hutsuneak. Helmuga Garagartza plazan, Txapel Gorri elkarte antolatzailearen egoitzatik oso gertu kokatu dute aurten.
Aitzindari abenturazaleen lasterketatik gehiago zuen hasierako aroak. Goierriko eta inguruko ziklistak, ahal bezala etorriak eta bakoitzak zeukanarekin lehiatzen zirenak. Nazioarteko proba sofistikatu izatera iritsi da 101 urte geroago, munduko bost kontinenteetako taldeekin eta goren mailako ziklistekin.
Atzo, Marc Hirschi irabazle suitzarrak hatz omentzailea zerurantz jaso zuenean, Gino Mader herkide zendua izango zuen gogoan. Baina, aldiro, Ordiziako Probaren garailearen beso jasoetan berritzen dira orain ere Joaquin Lete beasaindarra (1923ko irabazlea), Ricardo Montero ordiziarra (bost aldiz garaile), Bixente Aranburu ormaiztegiarra (1949; ostiralean hil zen, 94 urterekin), Luis Goia gabiriarra (1960), Aitor Garmendia itsasondoarra (1996) eta Gorka Izagirre ormaiztegiarra (hiru aldiz) ere.
Goierriko harrobiaren ispilu handiena baita Ordizia, gaztetxoek helburutzat hartzeko moduko erakusleihoa. Xabier Berasategi, Xabier Isasa eta Mikel Mujika ziren, atzo, Goierriko labealdi berriaren ordezkariak.
Erreleboa 60 urte ondoren
Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak omenaldia egin dio Txapel Gorri elkarteari. Antolatzaile-taldeko kide ugari igo dira oholtzara, eta Patxi Garmendia lehendakariak jaso du oroigarria, Santi Osororen eskutik.
Ordiziako Udalak, bere aldetik, Jose Luis Sanz omendu du. 60 urte igaro ditu antolatzen, eta lehen lerroa atzokoarekin utzi du. Ordiziako danborradako danborrari eta upel talde banak Ordiziako martxa jo zuen.
Ordiziako Probaren ehun ekitaldien photo finishean Hirschi iritsi da azkena helmugara. Baina aurretik, berarekin batera eta ondoren igaro dira mendebeteko historia osatu, gozatu, sufritu eta josi duten gainerako guztiak, irudi geldoen instant bateko 101 urteko sekuentzia luzean.