Kateko Festak ospatuko dituzte asteburuan
Idiazabalgo Gazte Asanbladak Kateko Festen egitaraua aurkeztu du. Bi eguneko festak izango dira; ostiralean hasi eta larunbatean amaitu. Astelehenean, halere, meza izango da.
Uztailaren 28an hasiko dira festak iluntzeko zazpietan izango den sagardo dastaketarekin. 22:30ean, aldiz, Ahuntzak taldearen kontzertua izango da, eta gaueko hamabietan txerri harrapaketa egongo da. Egunari amaiera emateko, Hilerri eta Muxutruk taldeen kontzertuak egongo dira.
Larunbat goizeko zazpietan, bestalde, kulero, galtzontzilo eta tanga lasterketa egongo da, eta ordubete geroago, zortzietan, gaupasero argazkia.
Eguerdiko hiruretan mus txapelketa izango da, eta bostetan, aldiz, tortilla patata lehiaketa eta haurren jolasak. Iluntzeko bederatzietan Potto eta Eneko Areztegi bertsolariekin bertso afaria izango da, eta egunarekin amaitzeko, azkenik, Istilu taldearen kontzertua izango da.
Igandean ez da ekintzarik izango, baina astelehenean San Inazio ermitan meza izango da, eta horren ostean udalak eskainitako hamaiketakoa ere bai.
Bertso afariko txartelak Izparren eta Odei Tabernan egongo direla salgai adierazi dute antolatzaileek. Bestalde, mus txapelketan izena emateko bikoteko hogei euro ordaindu beharko dira, eta Odei tabernan eman beharko da izena uztailaren 28a baino lehen.