Beasain KE-k lehen taldea aurkeztuko du abuztuaren 1ean
19:30ean izango da aurkezpena, Loinatzen. Iratz Lizarraga eta Iker Salamanca goierritarrak izango dira aurre denboraldian jokatuko duten aurpegi berrietako batzuk
Beasaingo Kirol Elkarteak hasiera emango dio aurre denboraldiari abuztua iristearekin batera. Datorren asteartean, abuztuaren 1ean, lehen taldearen aurkezpena egingo dute. Ekintza horrekin emango diote hasiera 2023-24 denboraldiari 3. RFEF mailan. Aurkezpena Loinatzen izango da 19:30ean hasita.
Liga hasi aurretik, sei partida jokatuko dituzte: Abuztuaren 12an, Triangularra Don Boscon, 11:00etan Lagun Onak taldearen aurka eta 12:00etan Pasaiaren aurka. Abuztuaren 19an, Loinatz futbol zelaian jokatuko dute Añorgaren aurka. Abuztuaren 26an Loinatzen Anaitasuna taldearen aurka. Azkeneko partiduak irailaren 2an izango dira: Goizean Arrasaten Touring eta Mondragonen aurka eta arratsaldean Loinatzen Alaves C taldearen aurka. Liga irailaren 9 eta 10eko asteburuan hasiko da.
Kirol elkarteak jakinarazi duenez, zazpi aurpegi berrirekin jardungo da Beasaingo taldea aurre denboraldian. Horien artean daude Iratz Lizarraga ataundarra eta Iker Salamanca beasaindarra. Bestalde, Lazkaoko Iraitz Gelbentzu atezainak taldean jarraituko du datorren denboraldian ere. Kerman Sukia herrikidea, ordea, ez da egongo.