Aurten, beste urte batzuetan baino turista gehiago
Aurtengo uda amaitzeko aste batzuk falta diren arren, abuztuaren bigarren aste honetan Goierriko Turismo Bulegoak udako balantze positiboa egin du.
Uda hasierari dagokionean, maiatza, ekaina eta uztaila “oso hilabete onak” izan direla azpimarratu du Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak. Gainera, aurtengo maiatzean eta ekainean, Goierrin, aurreko urteetan baino turista gehiago egon direla aipatu du. Atzerritarren kasuan, Covid-19aren urteetan beherakada izan zela dio Osinaldek, baina berriro ere gorakada izaten ari omen da. Nabarmendu du, bestalde, atzerritarrek mendira joateko duten joera: “Mendiak gero eta indar gehiago dauka”.
Hainbat turistekin egon ostean jakin dute, besteak beste, aldizkari ezberdinekin egindako kolaborazioak irakurrita ezagutu dutela Goierri. Gehiengoa gauza berriak eta barrualdea ezagutzeko asmoarekin datorrela dio zuzendariak: “Natura eta paiasarekin zoratuta egoten dira, asko gustatzen zaie, eta hemen dagoen lasaitasuna asko gustatzen zaie”.
Abuztuari dagokionean, “ondo” doala dio Osinaldek, baina gaurkoak bezalako eguraldiak Goierriri ez diola laguntzen dio, jendeak kostaldera joateko joera izaten baitu. Beraz, abuztua ondo doan arren eguraldiak baldintzatuko du hilabete honetako turismoa.
Andaluziak eta Kanariak Uharteek, gorakada
Alojamenduari dagokionean ere, datu positiboak aurkeztu ditu Goiturreko zuzendariak: “Oraindik geratzen da, baina abuztuaren 26ra arte okupazioa oso altua da”.
Bisitariak Kataluniatik, Madriletik eta Balentziatik datozela adierazi du, baina azken urteetan Andaluziatik eta Kanariak Uharteetatik gero eta jende gehiago etortzen dela somatu dute. Hauek, hegazkinetan eta autoetan etortzen dira batez ere, baina herri batzuetan autokarabanak ere ikusi dituztela ohartarazi dute herri ezberdinetako turismo bulegoetatik.
Goierrin 1020 ohe inguru daude, eta ia %90a beteta dagoela dio Osinaldek; 900 pertsona inguru dabiltza egunero Goierritik bueltaka. Gaualdiei erreparatuz, media 4-5 gau artekoa dela aipatu du.