Beasainmendiko festak ospatuko dituzte asteburuan
Ez dira faltako Usurbeko igoera, mendi irteera, erromeria eta auzoko agureei omenaldia. Usurbeko igoeran parte hartzeko izen ematea zabalik dago.
Iraila iristearekin batera, Beasainmendiko jaiak ere iritsiko dira. Hileko lehen asteburuan, irailaren 2an eta 3an, ospatuko dituzte Agortako jaiak, Beasainmendiko Kultur Elkarteak antolatuta.
Larunbatean, afari herrikoiarekin eta mus txapelketarekin hasiko dira festak. Iganderako, berriz, egitarau bete-betea antolatu dute, eta ez dira faltako krosa, mendi irteera, erromeria trikitilariekin, bertsolariak, herri-kirolak eta adineko bizilagunei omenaldia.
Horrela, ospakizunak, goizean goiz hasiko dira, 8:00etan jaurtiko dituzten suziriekin. 10:45ean meza izango da, trikitilariekin eta bertsolariekin. 11.30ean abiatuko dira Usurbeko igoerako lasterkariak. Izen-emateak egun berera arte daude zabalik Herrikrosa atarian edo lasterketaren egunean irteera puntuan. Andra Mari elizan izango da irteera eta 4,7 kilometroko igoera egin beharko dute partaideek Agortaraino.
Urteroko moduan, omenaldia egingo diete hainbat auzotarrei; Arantzamendiko Juan Garmendia eta Alegiako Arantxa Labaka izango dira omenduak. Garmendia, 1952ko urtarrilaren 26an Beasaingo Arantzamendi baserrian jaio zen, beraz, aurten 71 urte bete ditu. Bere emazte Arantxa Labakak, berriz, aurten 66 bete ditu, Alegian 1957ko apirilaren 26an jaio baitzen.













