San Bartolome ermitaren teilatua berritzeko 11.218 euro bildu ditu Osbele elkarteak
Elkarteak eskerrak eman dizkie ekarpena egin duten herritar guztiei. Ermitaren inguruko indusketa lanak berrabiaraziko dituzte laster.

Osbele Ordiziako San Bartolome Ermitaren Lagunen Elkarteak 11.218 euro bildu ditu San Bartolome ermitaren teilatua konpontzeko. Gabonetan jarri zuen martxan elkarteak Babestu teila batekin kanpaina lan horiek finantzatzeko. Eskerrak eman dizkiete ekarpena egin duten herritarrei.
Kanpainaren bidez zein aurrez jasotako diru laguntzei esker 10.512 euro lortu zituzten konponketarako. Joan den ostegunean, berriz, abuztuaren 24an, San Bartolome eguna ospatu zuten ermitaren inguruan, eta egindako mezan 706 euro bildu zituzten. Hala, guztira, 11.218 euro izango ditu elkarteak teilatua konpontzeko. Elkarteak azaldu duenez, baina, “ez da nahikoa”, teilatu osoa berritzeko 30.000 euro behar baitituzte. “Kopuru horretatik urrun gaudenez, teilatuaren premiazko konponketak egiteko aukera besterik ez dugu izango”.
Aurrekontua prest dauka Osbelek, Elizak Ordiziako Udalari baimena eska diezaion. Elizak dauka ermitaren jabetza, eta hark eskatu behar dio baimena udalari konponketa lanekin hasi ahal izateko.
Ordizia herriaren jatorria da San Bartolome adituen arabera. Hainbat indusketa lan egin dituzte inguruan, eta Osbeleren esanetan, lan horiek berrabiaraziko dituzte laster. “Egun gutxi barru Josu Etxezarragak, Nerea Iraolak eta David Cano historialari eta arkeologoak, lehendik hasitako lanari eta aurkitutako arrastoei jarraituz, indusketa lanak berrabiaraziko dituzte. Aurten, ermita barruko arbelezko zorua altxatuko dute elizaren barrunbea ikertzeko”.

San Bartolome eguneko meza ermitan, abuztuaren 24an.

San Bartolome eguneko meza ermitan, abuztuaren 24an.