Legazpiko Ikasgela astelehenean irekiko dute
Ikasturte osoan egongo da erabilgarri ikasleentzat. Ikaspostu gehiago izango ditu, eta txartela gaurtik aurrera eskatu daiteke udaletxean edo udalaren egoitza elektronikoan.
Ikaspostu gehiagorekin irekiko ditu ateak Legazpiko Ikasgelak datorren astelehenean, irailak 4. Ikasturte berrian hobekuntza gehiago ere izango ditu zerbitzuak, martxotik uztailera bitartean erabili zuten 37 ikasleek egindako balorazioetan jasotako iradokizunei jarraituz.
Irekiera eguna bera da hobekuntzetako bat, ikasturte honetan lehenago jarriko duelako martxan udalak, oposizioak prestatzen ari diren ikasleen beharrei erantzunez. Astegunetan, astelehenetik ostiralera 08:00etatik 21:00etara egongo da irekita, eta larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan, 09:30etik 20:30era.
Gainera, ikaspostu gehiago eskainiko ditu irailaren amaieratik aurrera, eta guztira 27 izango dira. Mahaiak aldatuko dira eta horietako zazpi egonkorrak eta zabalagoak izango dira.
Bestalde, Ikasgela ikasturte osoan erabili ahalko izango dute ikasleek, lehen aldiz. Beraz, azken ikasturtean ez bezala, ez dira bi aldi bereiziko eta etenaldirik gabe, irailaren 4tik uztailaren 12ra arte egongo da erabilgarri. Hala ere, erabileraren jarraipena egingo du udalak, eta beharrezkoa izango da bi hilabetean behin erabiltzea, bestela, txartela itzultzea eskatuko ahal izango dio ikasleari.
Azkenik, Ikasgelara sartzeko txartela edozein garaitan eskatzeko aukera egongo da. Eskaerak gaurtik aurrera egin daitezke udalaren webguneko Egoitza Elektronikoan, edo udaletxeko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan. Bihartik aurrera eskuragarri egongo dira Kultur etxeko harreran. Eskaerarekin batera 2023-2024 ikasturteko matrikularen egiaztagiria aurkeztu beharko da.
Ikasgela 18 urtetik gorako ikasleek erabili ahal izango dute, udalerrian erroldatuta egon beharko dute, eta irakaskuntza arautua egiten, hau da, heziketa zikloak edo unibertsitate ikasketak.