Agorreko Santikutzak ate joka dira
Ostiralean hasiko dira, eta asteburu osoaren ondoren, hurrengo astean amaituko dira, Gorostiagako erromeriarekin. Musika, kirola, dantza eta tradizioa uztartuko dira egitarauan.
Artzain Egunaren ajea oraindik pasatu gabe dutela, legazpiarrak berriz ere jai giroan murgilduko dira asteburuan. Ostiraletik igandera bitartean, Agorreko Santikutzak ospatuko dituzte herrian, eta amaiera hurrengo astean emango diete Santikutz-txiki bezala ere ezagutzen diren jai horiei, igandean, Gorostiagako erromeriarekin.
Aurtengo Agorreko Santikutzetan ohiko ekitaldiak izango dira, eta egitarauan musika, dantza, kirola, gastronomia, tradizioa eta beste ikuskizun batzuk daude jasota.
Jaietan txosna eta barrakak ere izango dira. Txosna eliza atzealdeko plazan dago instalatuta, eta ostiralean irekiko dute Lega taldeak kudeatuta. Musika izango da nagusi han. Ondoan, haurrentzako barrakak egongo dira.
Haurrek, bestalde, erraldoiez eta buruhandiez gozatzeko aukera ere izango dute, batez ere Legazpiko Erraldoi Konpartsak larunbaterako antolatutako alardeari esker. Alardean, herrikoekin batera, Araiako (Araba), Berriozargo (Nafarroa), Lazkaoko, Beasaingo eta Urretxuko erraldoiek parte hartuko dute.
Kirol hitzorduak ere ez dira faltako, eta herriko kirol elkarteek sustatuta, txirrindularitza, saskibaloia, bolak, atletismoa eta duatloia izango dira.
Junetorri autobusak, azkenik, zerbitzu bereziak eskainiko ditu jai egunetan zehar.
Gastronomia, Agorreko jaietako ezinbesteko osagai bihurtuta
Gastronomia da Agorreko Santikutzetako osagaietako bat, eta herritarrek horretaz gozatzeko lau proposamen luzatzen ditu jai egitarauak: ostiralean, kantu afarian salgai jarriko diren ogitartekoak; larunbatean, sukaldaritza lehiaketa eta Telleriarteko talogileen taloak; eta hurrengo asteburuan, Gorostiagako erromerian banatuko duten hamaiketakoa.Sukaldaritza lehiaketaren 39. edizioa izango da larunbatekoa, eta bertan hamaika taldek parte hartuko dute. Guztien artean erabakita, txerri matrailak prestatu beharko dituzte. Azoka sukalde erraldoi bihurtuko da okasiorako, azken urteetan bezala. Lehiaketa Euskal Herria plazan hasi zen, frontoi zaharraren parean, eta gerora beste kokaleku batzuk ere ezagutu ditu: Gernika plaza, eta Plazaola kalea, hain zuzen, Azokara iritsi arte.
Baina lehiaketa honek aldaketarik izan badu, partaideen izaera izan da aipagarriena. Herriko elkarte gastronomikoen arteko lehiaketa gisa jaio zen, eta hala mantendu zen urtetan. Baina horien partaidetza jaisten hasi zela eta, herriko gainerako elkarteei ireki zizkieten ateak, hau da, kirol, kultur eta gizarte arloko elkarteei. Horien partaidetzak ere behera egin zuen, eta azken urteetan norbanako, bikote eta kuadrilla gisa parte hartzeko aukera zabaldu zuen antolaketak. Azken aldian giro aparta izaten da, eta partaidetza ere, nahiko handia: 10-11 talde, aurten bezala.