Igartza auzoko festak ospatuko dituzte ostegunetik igandera
Adin eta gustu guztietarako ekitaldiak izango dira. Dantzarien egunarekin eta Gaztetxearen urteurrenarekin bat egingo dute auzoko festek.
Ostegunetik igandera ospatuko dituzte Beasaingo Igartza auzoko festak. Barraken irekierarekin, bihar, 18:00etan, auzoa girotzen hasiko da eta 19:00etan pintxopote musikatua izango da. Indezent DJak jarriko du musika.
Lau egunetarako egitarau bete-betea antolatu dute, adin eta gustu guztietarako. Ostiralean, Pololo, Elena Madalena eta Txiki pailazoek diska berriaren aurkezpena egingo dute. Ardo dastaketa ere izango da eta kirola ere ez da faltako. Bi pilota partida jokatuko dira: Retegi II.a-Ladis Galarza Artega II.naren eta Aizpururen aurka eta Victor-Merino II.a Azketa eta Garmendiaren aurka. Kiroldegian izango da, 20:00etan. Gauean, Ram-onak, Modus Operandi eta Trikizio taldeen kontzertua izango da.
Dantzarien eguna
Larunbata izango da egitarauari begira egunik oparoena, ekitaldi esanguratsuenetakoa Igartzako dantzarien 17. eguna ospatuko dela. 12:00etan bandera jasotzea egingo dute udaletxean, eta jarraian, ezpata-dantzarien segizioak Igartzarako bidea hartuko du. 12:30ean ezpata-dantza dantzatuko dute Igartzan, eta Iruñako Duguna taldearen emanaldia ere izango da bertan. Arratsaldean, berriz, erromeria eta triki poteoa egingo dute.
Lehiaketa desberdinak ere izango dira. Musean izango da lehena eta patata tortila onena nork egin, ondoren.
Auzo afaria 21:30ean hasiko da. Antolakuntzako kideek gogorarazi dute gorri kolorez mozorrotuta joan behar dela.
Txikienentzako, barrakez gain, izango dira beste hainbat ekintza. Goizean, duatloiean parte hartzeko aukera izango dute, apar festa izango da eguerdian, eta jolasak arratsaldean.
Gauen, karaokea eta DJ festa karpan, eta goizaldean, kulero eta galtzontzilo lasterketa.
Gaztetxearen urteurrena
Igartzako jaiekin batera ospatuko du Melmak Gaztetxeak 19. urteurrena. Auzoko jai batzordearekin elkarlanean, larunbat arratsaldeko poteoa antolatu dute.
Ostiralean, mus txapelketa jokatuko da, 16:00etan, Gaztetxean. Izen emateak ordu erdi lehenago egin beharko dira eta bikoteko 10 euro ordaindu.
Larunbata, mozorro eguna izango da. Espainiako folklorea da mozorrotzeko gaia. Bertso bazkarirako, txartelak salgai daude Xuber eta Bideplaza tabernetan, 10 euroan. Arratsaldean kontzertu akustikoa eskainiko du Edu Zardoyak eta gauean Pakillo el kanutero, Bake faltsuak, Bassagain eta DJ Bassanderen txanda izango da.