Lierniko Andra Mari jaiak ospatuko dituzte Mutiloan ostiralean eta igandean
Lierniko Andra Mari eguna ostiralarekin egokitu da aurten. Igandean jokatuko da 42. Lierniko txirrindulari proba gazteen mailan. Herri kirolak arratsaldean, igandea borobiltzeko.
Lierniko Andra Mari jaiak ate joka dituzte beste urte batez mutiloarrek. Ostiralarekin egokitu da aurten Lierniko Andra Mari eguna eta egun osoko egitaraua prest dute dagoeneko. Festak borobiltzeko, igandean 42. Lierniko txirrindulari proba, herri bazkaria eta herri kirol saioa izango dituzte.
Ohi bezala, mezarekin emango diote hasiera Lierniko Andra Mari egunari. Egun osoan zehar erromeria egongo da eta gauean, 21:00etan, bertso afaria Mujika jatetxean, Iker Zubeldia era Julio Sotorekin. Bertso afarira joateko Mujika jatetxean aldez aurretik izena eman beharko da.
Kirolari eskainitako eguna
Igandea, oro har, kirolari eskainitako eguna izango da. Gazte mailako Lierniko txirrindulari proba jokatuko da, 9:30ean hasita, Lierniko Txirrindulari elkarteak antolatuta. Aurtengoa, 42. edizioa izango da. Bi saiotan jokatuko da: errepideko lasterketa eta erlojupeko igoera.
Errepideko zatia jokatuko da lehendabizi. Lierniko gainetik aterata, Mutiloa, Zegama, Ormaiztegi, Ergoene eta Gabiria inguratuko dituen ibilbidea osatuko dute txirrindulariek. Errepideko zatian sailkatzen diren lehendabiziko 40 txirrindularik erlojupekoa jokatuko dute, ondoren. Seguratik Lierniko gainera 4 kilometroko ibilbidea osatuta.
Musika jaiak amaitzeko
Gainontzean, 13:00ean meza nagusia izango da Lierniko elizan. Meza ondorenean, toka lehiaketaren txanda izango da. Eguerdira bitartean, Miren, Agur eta Oier trikitilariekin erromeria izango da eta 14:30ean herri bazkariaren txanda izango da.
Herri bazkariaren ondotik, herri kirol saioaren txanda izango da: aizkora eta harri jasotze erakustaldiak izango dira. Goierritarren arteko lehia izango da aizkoran, Iñaki Ibarguren (Mutiloa) eta Xabier Dorronsoro (Zerain), Eneko Arzelus (Zerain) eta Iosu Ibargurenen (Legazpi) aurka arituko dira. Harri jasotzen Olaia Esnaola azpeitiarra arituko da. Miren, Agur eta Oier trikitilarien erromeriarekin amaituko dute asteburua.