Olano Harategiak irabazi du 27. Goierriko odolki bikainenaren dastaketa-lehiaketa
Bertako produktuen 30. sukaldaritza lehiaketa ere izan da gaur arratsaldean, Plaza Nagusian, eta Leizea Tabernak irabazi du, Idiazabal Gaztarekin egindako gazta tarta batekin.
Ordiziako Euskal Jaien barruan, ohiko hitzorduak bilakatu dira Larrunarri Elkarteak antolatutako Goierriko odolkirik bikainenaren dastaketa-lehiaketa eta bertako produktuen sukaldaritza txapelketa. Gaur arratsaldean izan dira biak, Plaza Nagusian. Goierriko odolkirik bikainenaren lehiaketaren 27. edizioa izan da, eta Olano Harategiak irabazi du. Sukaldaritza txapelketak, berriz, 30. edizioa izan du, eta Leizea Taberna izan da irabazlea, Idiazabal Gaztarekin egindako gazta tarta batekin.
Bihar, Euskal Jaietako aparteko azokaren barruan, sari banaketa ofizialak egingo ditu elkarteak, txapelak banatuta.
Goierriko odolkirik bikainena aukeratzeko epaimahaia sukaldaritza munduko zazpi adituk osatu dute: Mikel Zeberiok (kritikari gastronomikoa), Arantxa Agirrezabalak (Kattalin Erretegia, Beasain), Bixente Egigurenek (Etxeberri, Zumarraga), Iñaki Telleriak (Kuko Jatetxea, Ormaiztegi), Aiert Izagirrek (Zeraingo Ostatua), Jon Barandiaranek (Ordiziako Eroski) eta Flori Calogerak (1990 Gastroteka, Ordizia). Parte hartzaileak, aldiz, bost izan dira: Mujika Harategia (Ordizia), Ezeiza Harategia (Ordizia), Olano Harategia (Beasain), Beko Karnizeria (Zaldibia) eta Jesus Mari Deba (Ezkio).
Sukaldaritza txapelketan Ordiziako bost enpresa edo taldek parte hartu dute, bina partaiderekin: Leizea tabernak, Ordizia Kolore taldeak, Martinez Jatetxeak, Orkli enpresak eta Altamirako Rugby tabernak. Idiazabal Gazta oinarri hartuta, bakoitzak aukeratutako errezeta prestatu dute.
XXVII. Goierriko odolkirik bikainenaren dastaketa-lehia:
1. Olano Harategia (Beasain)
2. Jesus Mari Deba (Ezkio)
3. Beko Karnizeria (Zaldibia)
Bertako produktuen XXX. sukaldaritza txapelketa:
1. Leizea Taberna
2. Altamira Rugby Taberna
3. Orkli