«Fantasiazko istorio bat da, baina badu niretik zerbait»
Argentinarra da jaiotzez (1987), baina haurtzaroa eta gaztaroa Espainian eta Euskal Herrian egin ditu. Brinkolan bizi da orain eta urte askotako lanketaren ondoren, bere lehen liburua kaleratu du.
Izen berezia duzu.
Nahuel, bai, berezia da. Argentinan du jatorria. Ni han jaioa naiz, aita argentinarra dut eta ama euskalduna. 5 urte nituela Espainiara etorri ginen, eta 2001ean Euskal Herrira. Azken urteak hemen egin ditut. Orain Brinkolan bizi naiz. Zumarragan lanean ari nintzela ezagutu nuen auzoa, eta bertan etxea erosteko aukera izan nuen.
Liburu bat kaleratu berri duzu. Nola du izenburua?
Six. La danza del rey dragon (Six. Errege dragoiaren dantza). Trilogia baten lehen zatia da. Gazteleraz idatzi dut, euskara ikasten ari naiz, baina oraindik ez dut menperatzen. Duela hilabete kaleratu nuen.
Nolako liburua da?
Fikziozkoa da, fantasiazkoa. Six gaztea da protagonista, trilogia osokoa. New Yorken bizi da, eta bere adineko mutil batentzat zaila den egoera batean murgilduta dago. Gizarte konplexu batean bizi da, desagertzeko zorian dagoena. Baina gizarte horren arazoak konpontzeko ahalmena duen dohain baten jabe da, eta horrekin pertsona garrantzitsu eta boteretsuei egingo die aurre, baita deabru itxura hartzen duten bere barne beldurrei ere. Borroka horretan Errege Dragoiaren laguntza izango du. Fantasiazko istorio bat da, baina badu niretik zerbait, eta nire gertuko errealitatea ere islatzen du.
Zeinentzat da?
Publiko gaztearentzat batez ere, eta orokorrean errealitatea modu alaian bizi duenarentzat, sentitzen duenari jarraitzen dionarentzat, hau da, mentalitate irekia duenarentzat.
Autoedizioa da.
Bai, ez nuelako argitaletxe baten menpe egon nahi, eta nik egin nahi nuelako guztia. Internetez erosi daiteke Mibestseller, Amazon edo La casa del libro plataformetan, liburu fisikoa zein digitala. Lan handiaren emaitza da, dedikazio handia eskatu didana. Azken batean, inbertsio bat izan da, etorkizunean idazle duin bat izateko egin dudan inbertsioa. Gainera, murgilduta nengoen kobazulotik ateratzeko balio izan dit.
Zergatik esaten duzu hori?
Duela 15 urte hasi nintzen idazten. Bizitzarekin interesa galduta nengoen garai hartan, ikasi nuenagatik, lan faltagatik, krisialdi ekonomikoagatik… Krisialdi garai hartan asko ahalegindu nintzen ikasketekin, nire arloan lana aurkitzen… Batxilergo artistikoa ikasi nuen, baina unibertsitatera joan ordez, bitxigintza alorreko lanbide heziketa aukeratu nuen, eta hiru urtez ikasi nuen Donostian. Nire sormena lantzea zen kontua, benetako bidea aurkitzen nuen bitartean. Baina lan irteerak ez ziren onak, eta hura krisialdi ekonomikoari eta une hartako nire egoera pertsonalari lotuta… Idazteak asko lagundu zidan.
Eta zergatik hasi zinen idazten?
Txikitatik asko gustatzen zait marraztea, aita ilustratzaile profesionala zelako, eta nire ilusio handienetako bat izan da komiki bat egitea, edo istorio bat idaztea eta hori ilustratzea. Batxilergo artistikoa ikasten ari nintzela izan nuen lehen harremana binetekin. Marrazki bizidunak ere asko gustatzen zaizkit, azken finean mugimendua duten komikiak direlako. Beti gustatu izan zait marrazkiak sortzea, pertsonaiak sortzea… azken batean, asmatzea. Txikitatik izan naiz oso sortzailea, nire jostailuekin jolastean istorioak sortzen nituen… Hori guztia dago duela 15 urte idazten hastearen atzetik.
Zer idatzi duzu urte hauetan?
Saiakera batzuk idatzi ditut, eta askotan saiatu naiz orain bezalako istorio bat garatzen. Azkenean lortu dut.
Zein izan zen prozesua?
Ideia bat izan nuen azkenik, inspiratu ninduena, eta garatzea erabaki nuen. Nire sormenarekin topo egin nuen berriz ere, eta idazteak, marrazteak, amets egiteak eta gauzak imajinatu eta gauzatzen saiatzeak ematen zidan lasaitasunak bultzatuta, aurrera egin behar nuela pentsatu nuen, bizitzak hori eskatzen zidalako azken finean.
Zein zen libururako ideia hura?
Batxilergotik zetorren, bukatu gabe geratu zen zerbait zen. Eta idazten hasi nintzen, asko idazten nuen, ideiak ateratzen zitzaizkidan. Marrazkiekin ere hasi nintzen, baina ezinezkoa gertatu zitzaidan nire ideiak marrazkietan islatzea, eta idaztean zentratu nintzen. Bitartean, ikasten jarraitu nuen. Gidoigintza egin nuen, zinema ikastaroak… eta beste gai batzuk landu eta gero, psikologiaren alorretik unibertsitatean sartzeko prestakuntza egin nuen, eta orain Komunikazioa ikasten ari naiz UOC-en (Universitat Overta de Catalunya).
Ikastaro gehiago egin dituzu.
Bai. Idazle izateko ezinbestekoa zela iruditzen zitzaidan. Ildo horretatik detektibe izateko ikerketa ikastaroak ere egin ditut, idazkera sortzailea ere landu dut, irrati eta telebistarako lokuzioa… Horrek guztiak lagundu dit istorio hau garatzen, eta kalitatezko produktu bat sortzen.
Trilogiak aurrera jarraitzen al du?
Bai. Bigarren liburua amaituta daukat, eta zuzenketekin nabil. Lehenengoak baino pisu handiagoa izango du, lan handiagoa egiten ari naiz eta pertsonaiak fintzen ari naiz, irakurleen aldetik harrera hobea izan dezaten. Argi dut idazle izan nahi dudala.