Ikatzaren argazki rallya, igandean
Batis Goikoetxearen omenez egingo dute 16. edizioa, helduei eta gazteei zuzenduta. Urriaren 6an banatuko dituzte sariak.
Legazpiko Ikatza elkarteak eta udalak antolatuta, Batis Goikoetxea argazkilari zena gogoratzen duen argazki rallyaren 16. edizioa egingo dute igandean. Helduei eta gazteei zuzenduta, partaideek egunean bertan 09:00etatik 10:00etara eman beharko dute izena kultur etxean. Orduan jakinaraziko zaizkie gaiak, baina argazkiak Legazpin atera beharko dituzte.
Bi ataletan berezkotasuna, sormena eta teknika hartuko dira kontuan. Helduek 10 euro ordaindu beharko dute, eta gazteek euro bakarra.
Partaideek 36 argazki aurkeztu beharko dituzte txartelean 12:30 eta 13:30 bitartean, eta horietatik egindako hautaketa entregatzeko azken eguna hilaren 12a izango da. Urriaren 6an banatuko dituzte sariak, 19:00etan, Kultur Etxean. Helduen atalean, 250 euro, 150 euro eta 100 euro izango dira saritan hurrenez hurren lehen, bigarren eta hirugarren bilduma onenentzat, eta beste 100 euro herriko onenarentzat, gehi garaikurra lau sarituentzat. Gazteen atalean, 100 eurokoa, 75 eurokoa eta 50 eurokoa izango dira sariak, eta diploma hirurentzat.
Iaz, 31 partaide
Irailaren 18an jokatu zen iaz Batis Goikoetxearen omenezko argazki rallya, eta 31 partaide izan zituen. Helduen atalean Patxi Irazabalek irabazi zuen, Iker Gutierrez bigarrena izan zen, eta Javier Lopez hirugarrena. Herriko lehenaren saria Carlos Mediavillak jaso zuen, eta gazteen sailkapena hau izan zen: Ibon Huerta, Urko Comontes eta Lander Huerta.