Legazpiarrak Arantzazun dira, erromesaldian
Oinez joan dira batzuk, eta udalak antolatutako autobusez beste batzuk. Legazpiko txistulariek kalejira egin dute han, eta 12:00etan meza izan da basilikan legazpiarren alde. Herri bazkarian 50 lagun elkartuko dira.
Gaur, irailaren 8a, legazpiarrak Arantzazura erromesaldian joateko eguna da, eta ohiturarekin bat egin dute beste urte batez hainbatek. Batzuk oinez joan dira, beste batzuk udalak antolatutako autobusez, eta bere kabuz ere bai asko.
Oinez 35-bat lagun joan dira, Udanatik gora, menditik, Katabera eta Biozkornia igaroz. Mendizale horientzat autobusa jartzen du udalak Udanariano, baita hamaiketakoa ere. Hamaiketakoa egiteko geratutakoan, taldeko argazkia atera dute.
Mendizaleez gain, udalak jarritako autobusean beste 50-bat lagun joan dira Arantzazu bertaraino. Han, Goiz Deia txistulari bandako hainbat kidek emanaldi bat eskaini dute, eta basilikan meza izan dute gero, 12:00etan, herriko agintariak bertan zirela.
Udalak herri bazkaria ere antolatu du aurten, Arantzazuko Santutegia hoteleko jatetxean (lehengo Hospederia), eta 50 legazpiarrek eman dute izena bertan bazkaltzeko. Arratsaldean, 17:30ean dute itzulerako autobusa.
ARGAZKIAK: Mari Kruz Agirre