Lau goierritar lehiatuko dira Euskal selekzioarekin Espainiako Kilometro Bertikaleko txapelketan
Igone Campos eta Jon Ander Aranburu zumarragarrak eta Irati Zubizarreta beasaindarra maila nagusian ariko dira, eta Gaizka Lasa legorretarra promesa mailan.
Euskal Mendi Federazioak atzo eman zituen ezagutzera sare sozialen bidez Espainiako Kilometro Bertikaleko txapelketan Euskal selekzioa ordezkatuz lehiatuko dira kirolarien izenak. Deitu dituen 22 mendi korrikalarietatik lau dira goierritarrak.
Nagusien mailan, mendiko eskia eta mendiko lasterketak uztartzen dituzten Igone Campos eta Jon Ander Aranburu zumarragarrak daude hautatuen artean, baita Irati Zubizarreta mendi korrikalari beasaindarra ere. Promesen mailan, berriz, Gaizka Lasa legorretarra hautatu dute. Junior eta Gazte mailatan ez dago goierritarrik.
Espainiako Kilometro Bertikaleko txapelketa datorren igandean, hilaren 17an, jokatuko da Villanuan, Huescako Pirinioetan.