Agorreko Santikutzetako ostiral gauean egindako eraso sexista salatu dute txosnako eragileek
Etxerako bidean, jai girotik gertu dagoen toki batean emakume bat erasotu zutela jakinarazi dute.

Legazpiko Txosnan parte hartzen duten eragileek sinatuta, ohar bat kaleratu dute Agorreko Santikutzetako ostiral gaueko gertakari baten berri emateko eta salatzeko. Oharrean azaltzen dutenez, “ostiral gauean etxera bidean, toki ezagun eta festa girotik gertuko batean, erasotzaileak neska bat erasotu zuen”.
Txosnako eragileek diotenez, “nabaria da horrelako testuinguruetan erasoak areagotu eta erreproduzitzen ari direla” eta “ez direla kasu isolatu bat, emakumeon eguneroko ogia baizik”.
Jai giroan gertatuko eraso hori salatzeaz gain, “bestelako eraso guztiak ere” gaitzetsi dituzte oharrean, eta “indarkeria matxista orori aurre egiteko konpromiso irmoa” azaldu dute. Aldi berean, “indarkeria matxistari aurre egitea eta erasotzaileak zein horrelako jarrerak babesten dituen oro borrokatzea denon ardura” dela nabarmendu dute.