Garai bateko dendak, etorkizuna aldarrikatzeko
Garai bateko denda eta zerbitzuen argazkiak bildu ditu Ilinti elkarteak eta Kultur Etxean jari ditu ikusgai. Merkataritzaren ibilbideari aitortza eginez, bere etorkizunari buruzko hausnarketa zabaldu nahi du.
Ilinti merkatari elkarteak iazko udazkenean burutu zuen Gure dendak, atzo, gaur eta bihar kanpainak arrakasta handia izan zuen. Garai bateko dendetako argazkiz bete zituen herriko erakusleihoak, eta 500 euroko saria eskaintzen zuen lehiaketa baten bitartez erronka bota zien legazpiarrei, irudietan agertzen ziren txokoak eta pertsonak identifikatzeko.
Herritar askok parte hartu zuen lehiaketan, eta Jose Vicente Gonzalezek irabazi zituen 500 euroak. Hala ere, erakusleihoz erakusleiho banatutako 42 argazki guztiak identifikatu ezinik ere jende asko geratu zen. Haien eskariei erantzunez, erakusketa batean bildu ditu guztiak orain, eta ikusgai jarri ditu Kultur Etxean, bakoitzaren izena jarrita, hilaren 29ra arte.
Lenburrek utzitako irudiak
Lenbur Fundazioak utzitako argazkiak ziren Ilintiren kanpainako gehienak, eta erakusketa honetarako gehiago ere utzi dizkio, 70 inguruko bilduma osatzeraino. Legazpiren historiaren zati bat islatzen dute, «gure komertzioaren iragana», Ilintik adierazi duenez. Bertan, herriko merkataritzaren aniztasuna eta aberastasuna ikusi daiteke, denda asko zirelako, handiak eta txikiak, eta sektore askotakoak.
«Garai bateko komertzio enblematikoak gure herriaren historiaren zati bat dira, gure nortasunaren marka bat. Herri mailako dendak ziren, gertukoak, herritarren arteko harremanak sendotu zituztenak». Merkataritzak herriko kaleei «bizitza eta argia» ematen zien, azken finean, baina Ilintik ez du argi etorkizunean zertan izango den.
Etorkizunari begira
Hain zuzen, erakusketa honekin, Legazpiko merkataritzaren ibilbideari aitortza egiteaz gain, bere etorkizunaz hausnartzera bultzatu nahi ditu herritarrak Ilinti elkarteak.
«Dendak geroz eta gutxiago dira herrian, eta, gainera, zerbitzuetara ari da bideratzen merkataritza poliki-poliki», dio Ane Gutierrez merkataritza teknikariak. «Amazon bezalako Interneteko saltokiek gure herrian duten eragina denon ardura da. Horregatik, merkatariok gure bezeroen premia aldakorrei erantzuten jakin behar dugu, eta bezeroek erabaki egokiak hartu beharko dituzte komertzioek aurrera egin dezaten. Bestela, zer gertatuko da merkataritzarekin 10 urte barru?».
Erakusketan ikusi daitezkeen irudietako batzuk:
-
Zabaleta erloju denda
-
Beitialarrangoitia zapata konpontzailea
-
Asun arrandegia
-
Meaza harategia
-
Casa Murua janari denda
-
Nikasio harategia
-
Elias Elorza etxetresna elektrikoak
-
Gaspar Alustiza egunkari saltzailea
-
Arsuaga erloju denda
-
Txomin Zubeldia
-
Arsuaga prakak
-
F-8 argazki denda
-
Foto Gabiria
-
Jesus Mari Andueza argazkilaria
-
Mari Carmen fruta denda
-
Oskarbi kafetegia
-
Ibargutxi kirolak
-
Erosle
-
Kiska arropa eta osagarriak
-
Taner diskoak
-
Hizkuntza liburu denda
-
Alustiza droga denda
-
Panificadora ogi denda
-
Duran-Holgado margoak
-
Poxpolin haurrentzako arropa
-
Olaetxe garajea
-
Zotz gazteentzako lokala
-
Slader diskoteka
-
Toki Alai taberna
-
Gabiri garajea
-
Celorrio iturgintza
-
Ibai Ondo taberna
-
Hercules aseguruak
-
Odriozola autoeskola
-
Esther ile apaindegia
-
Gure Nahia taberna-jatetxea
-
Bittori janari denda
-
Arantxa Agirre harategia
-
Laubideko informatika denda
-
Laida arropa denda
-
Monika Masedaren arropa denda
-
Talamillo aseguruak
-
Konfiterokoa janari denda