Gorostiagako erromeriak agurtuko ditu Agorreko Santikutzak igandean
Meza egingo dute eguerdian mendian, eta ondoren hamaiketakoa banatuko du udalak. Goiz Deia txistulari taldeak girotuko du erromeria.
Legazpin ohiturak agintzen duen bezala, irailaren 14ko Santikutz egunaren hurrengo igandean, erromeria egingo da Gorostiaga mendian. Etzi izango da erromeria, eta ekitaldi horrekin, amaitu egingo dira aurtengo Agorreko Santikutz jaiak.
Igandeko egitaraua 09:00etan hasiko da, Goiz Deia txistulari taldeak erdiguneko kaleetan egingo duen kalejirarekin. Hurrengo hitzordua 11:00etan izango da, Gorostiaga mendiko tontorrean dagoen gurutze handiaren babesean egingo den mezarekin. Ondoren, hamaiketakoa banatuko du udalak, eta erromeria hasiko da, txistularien eskutik.