Musika eta gastronomia lagun, aurrera doa Santa Anastasietako bigarren eguna
Txistularien alardea eta plazako kontzertuak dira eguneko protagonistetako batzuk. Gastronomia lehiaketa, haurrentzako sukaldaritza tailerrak, idi probak eta xake txapelketa ere izan dira arratsaldean. Bihar, Euskal jaiak.
Iparragirre plazan txistularien alardea hastear dela, eta gaueko kontzertuan Gernikako Arbola plazan arituko diren Nogen eta Hiri Galduak taldeak soinu probak egiten ari direla, aurrera doa Santa Anastasia jaietako bigarren eguna.
Arratsalde partean musika izan da jaietako protagonistetako bat, baina gehiago ere izan dira, horien artean, gastronomia. Gernikako Arbola plazan jarritako karpan kuadrilla ugari elkartu dira bakailaoa pil-pilean prestatzeko, eta 21:00ak inguruan emango dute jakitera nor den irabazlea. Txikiek, berriz, izan dute sukaldean ikasteko aukera ere, plazan bertan kioskoaren inguruan egindako ikastaro berezietan.
Bestela, idi probak ere izan dira, eta Goierri xake elkarteak antolatuta, baita xake txapelketa ere.
Jai giroak gauean izango du jarraipena, baina bihar Euskal Jaien eguna denez, indarrak gordetzea ere komeni da.