Bizikleta izango da Legazpiko Mugikortasun Astearen erdigunea
Gaur hasi eta igandera bitartean hainbat ekintza egingo dituzte herrian. Ohiko bizikleta martxa ere egingo dute, ostiral arratsaldean.
Legazpiko Udalak bat egingo du aurten ere Europako Batzordearen Mugikortasun Astea kanpainarekin, eta bizikleta ardatz izango duen ekintza egitaraua antolatu du gaur hasi eta igandera arte.
Legazpiko Mugikortasun Astea gaur bertan hasiko da, bide hezkuntza saio batekin. Azoka inguruan egingo da, 18:00etatik 19:00etara. Haurrei zuzendutako saioa izango da, LH4, LH5 eta LH6 mailetako ikasleei bereziki, eta mugikortasunerako arauen garrantziaz ohartaraztea izango du helburu. Parte hartzeko, haurrek patinetea eraman beharko dute, horren erabilera librea eta arautua landuko dutelako, udaltzainen laguntzarekin.
Ostiralean bizikleta martxa egingo dute, 18:00etatik 19:00etara, baina partaideak plazan elkartuko dira 17:30ean. Bizikleta eta kaskoa eraman beharko da, eta herritar guztiei zuzendutako martxa izango da. Bira bat egingo da plazatik bertatik abiatuta herrigunean zehar, errepidea zein bizikleta bideak erabiliz. Amaieran, bizikletentzako osagarriak zozkatuko dituzte, eta mokadu bat banatuko dute.
Mugikortasun Astea amaitzeko, bizikletak konpontzeko tailerra egingo dute igande arratsaldean plazan, Foru Aldundiarekin elkarlanean. Herritar guztiei zuzenduta hau ere, 15:00etatik 21:00tara egingo da tailerra.