Gorostiagako erromeriak itxi ditu Legazpiko Agorreko Santikutzak
Ohiturari jarraituz, irailaren 14ko Santikutz egunaren hurrengo igandean meza eta erromeria egiten dira Gorostiaga mendian. Goiz Deia txistulari bandako kideek alaitu zuten erromeria.
Ohiturari jarraituz, irailaren 14ko Santikutz egunaren hurrengo igandean, atzo, Gorostiaga mendian egindako erromeriarekin amaitu dira aurten ere Legazpiko Agorreko jaiak.
Mendi tontorrean dagoen gurutze handiaren babesean meza eman zuten, eta udalak hamaiketakoa banatu zuen 10:30etan hasita. Goiz Deia bandako kideen txistu doinuek girotu zuten erromeria.
Eguraldia lagun, legazpiar ugari igo ziren oinez Gorostiagara, familian edo kuadrillan. Ormazarreta zalditegiko kideak ere joan ziren Gorostiagara, zaldiekin.