Eguraldi ona espero dute antolatzaileek igandeko Aizkorrin Barrena mendi martxarako
Brinkolatik abiatuta, bi ibilbide desberdin proposatuko ditu. Aurtengoa 14. edizioa izango da, eta urtero bezala, izena aurrez emateko eta igandean trenez joateko eskatu dute.
Mendizaleek hitzordu handia dute Brinkolan igandean, irailak 24. Aizkorrin Barrena mendi martxaren 14. edizioa da egiteko, Legazpiko auzo honetatik abiatuta. Ohi bezala, bi ibilbide proposatuko ditu: 26,5 kilometroko luzerako eta 1,646 metroko desnibeleko Zanpa Zanpa, eta motza edo Tipi Tapa (17,18 kilometro, eta 709 metroko desnibela).
Interneten eta Legazpiko eta inguruko hainbat tokitan eman daiteke izena, baina egunean bertan ere izango da horretarako aukera. Bestela, antolatzaileek dena prest dute, eta igandean eguraldia lagun izango dela nabarmenduz, mendizaleak parte hartzera gonbidatu dituzte.
Gonbidapenarekin batera, izena aurrez emateko eskatu dute, eta merkeago dela ere gogoratu dute, 12 euro aurretik eginda, edo 15 euro egunean bertan. Hilaren 22ra arte egongo da zabalik www.kirolprobak.com webgunean horretarako irekitako atala, eta bestela, Izadi Zaleak elkartera ere joan daiteke ostegunean 18:30etik 19:30era, edo Legazpiko kiroldegian, Urbeltz eta Insausti tabernetan eta Brinkolako Armuño elkartean dauden orriak bete. Zumarragako eta Urretxuko kiroldegietan ere baude, baina bihar arte.
Brinkola, erdigunea
Brinkolako tren geltokiko plazatik abiatuko da 08:00etan Zanpa Zanpa, eta Korta, Aztiria, Otañu, Elortxuri, eta Oazurtza igaro eta gero, Andraitzeko pagaditik gora egingo du, eta Biozkornia igaro eta Lizarragarako joan-etorria egin eta gero, Tubobide hartu eta Armuño azpitik iritsiko da Brinkolara. Oazurtza inguruan gora egin beharrean, behera egingo du Tipi Tapak, eta Guriditegitik igarota, geltokiraino joango da.
Geltokiko plazan musika eta auzoko produktuekin egindako azoka izango dira. Bazkaria ere izango da aurten, Saniko Kuadrilaren ondorengoek egindako paella, 4 euroan errazioa. Armuño elkartearen inguruan jarriko dituzte mahaiak, eta Armuño irekita egongo da edariak erosteko.
Bestela, prest daude kamisetak, eta kanpoko partaideek martxa amaitutakoan jasoko badituzte ere, herritarrei aurrerako banatu zaie Izadi Zaleak elkartean. Aurten ere, Aizkorrin Barrenaren sortzaileetako bat izan zen Mikel Oskoz mendizale zenaen omenez egiten den galdera lehiaketa ere izango da, ibilbidean zehar pistak jasota betetzeko galdetegiarekin, eta asmatzaileentzako sariekin.
Boluntario ugari, batez ere brinkolarrak
Boluntarioak ere prest daude, ugari, beti bezala. Antolatzaileek eskertu egin nahi die egiten duten lana, urterokoei, Atzegikoei eta bereziki brinkolarrei, auzotarrak direlako boluntario gehienak. Lan handia egiten dute boluntarioek: martxa aurretik bideak garbitzen eta markatzen, edo egunean bertan aparkalekuak antolatzen, anoa postuetan eta amaieran janaria eta edaria banatzen, bazkarirako paella prestatzen, kamisetak banatzen, mendizale guztiak igarotakoan bideko markak jasotzen…
Aizkorrin Barrena Izadi Zaleak elkarteak antolatzen du Burdinola, Arriurdin eta Armuño elkarteekin lankidetzan, eta Legazpiko udalaren eta Komunonak enpresaren laguntzarekin.
Brinkolara trenez joateko deia egin du antolakuntzak
Brinkolara trenez joateko eskatu dute antolatzaileek. 08:00etan aterako den martxa luzera joateko, Donostian 6:23an izango da trena, Beasainen 7:15ean, Zumarragan 7:30ean eta Legazpin 7:34ean. Martxa motza o9:00etan aterako da, eta trenaren ordutegia hauxe da: Donostian 7:13an, Beasainen 8:06an, Zumarragan 8:21ean eta Legazpin 7:34ean.Itzultzeko ia orduoro izango dira trenak, eta Legazpiraino Junetorri zerbitzua ere bai: 14:00, 15:00 eta 16:00etan..