Legazpiko EH Bilduk lau eskari luzatu dizkio udalari herritarrentzat "zubi lana" eginda
Kirola eta euskara, kirol guneen segurtasuna, kontziliazioa eta mugikortasuna eta aparkalekuen ordenantza dira eskaera horietan jorratutako arloak.
Herritarrekin «entzute ariketa bat» egin ondoren, lau eskaera luzatu dizkio EH Bilduk udalari, koalizioaren ustez, «zubi lana egitea» dagokiolako. Kirola eta euskara, kirol guneak kontziliazioa eta mugikortasuna eta aparkalekuen ordenantza dira eskaera horietan jorratutako arloak.
Entrenamenduak, euskaraz
Lehenik, diru laguntza lerro bat sortzea eskatu du, kirol entrenatzaileen prestakuntza ikastaroak euskaraz egin daitezen. Diru laguntza horiek herriko kirol elkarteentzako edo norbanakoentzako izango lirateke, eta xedea, «kirol eremuan euskararen presentzia areagotzea».
EH Bilduk Soziolinguista Klusterrak berriki egindako ikerketa bat ekarri du gogora, «argi» uzten duelako «zein garrantzia duen begirale edo entrenatzaileek euskaraz egitea, eta honek zein eragin duen gazteen hizkuntza erabileran».
Kirol gune seguruak
Kirol guneak emakumeentzako espazio seguruak izateko neurriak hartzeko ere eskatu dio udalari, «hainbat emakumek modu batera edo bestera adierazitako kezkatik» abiatuta. Kirol guneetan «emakumeak ez dira eroso eta seguru sentitzen» EH Bilduren arabera, eta sauna, gimnasioa eta igerilekua dira «gehien aipatutako guneak».
Gune horietan «zer gertatzen den» den jakiteko, zehazki eskatu dute aztertzeko emakumeak zergatik ez diren seguru sentitzen eta kirol guneetan eta kirol eskaintzan genero ikuspegia txertatuta dagoen, kirol guneen erabileran eta kirol eskaintza egiterakoan sexuaren arabera banatutako adierazleen azterketa egiteko, eta diagnostikoa egin ondoren, beharrezko neurriak hartzeko.
Takilak
Herrigunetik urrun bizi diren familiak ere kontuan izan dituzte, eta haien kontziliazioa eta mugikortasuna hobetzeko, baita behar duten guztientzako ere, «materiala gordetzeko takilak» jartzeko eskatu dute.
«Asko dira motxilekin, musika instrumentuekin edota karpetekin aurrera eta atzera ibiltzen diren haur, gazte eta gurasoak». Takila horiekin, herrigunetik urrun bizi direnen joan-etorri kopurua murriztuko litzateke, eta herri barneko auto bidai laburrak gutxitu.
Aparkalekuen ordenantza
Azkenik, aparkalekuen ordenantzaren ebaluazioa egiteko eskatu dio EH Bilduk udalari, 2021ean ezarri zen, eta besteak beste, Plazaolan egoiliarrentzako guneak ezarri diren.
«Uste dugu nahikoa denbora pasa dela eta behar-beharrezkoa dela datuetan oinarritutako ebaluazio zorrotza egitea, zehaztutako helburuen betetze maila aztertzeko, eta ondoren, beharrezko aldaketak planteatzea».