Ehundik gora legazpiarrek parte hartuko dute Erreka egunean larunbatean
Urola eta herriko beste erreka batzuk garbitzeko auzolanaren aurkezpena egin dute udal ordezkariek. Lana amaitutakoan, ikusgai jarriko dute bildutako hondakinak plazan, eta partaideentzako hamaiketakoa eskainiko dute antolatzaileek.

Legazpiko Erreka Egunaren 19. edizioa aurkeztu zuten atzo Oscar Valbuena Garapen iraunkorreko zinegotziak eta Urtzi Olasagasti Nekazaritza eta hirigintzako udal teknikariak, Domingo Agirre ikastetxeko Miren Zeberiok eta Nuria Gutierrezek lagunduta. Haztegi ikastolako ordezkaririk ez zen aurkezpenean izan, baina ikastetxe hori ere Erreka Eguneko laguntzailea da.
Udal ordezkariek azaldu zutenez, Erreka Eguna «Urola ibaia eta errekak garbitzetik harago doan jarduera da: gaiaz sentsibilizatzeko eta gure ingurumena zaintzeko deia da».
100 dik gora legazpiar
Dei horri erantzunez, aurten ere 100dik gora legazpiar elkartuko dira: «43 Domingo Agirretik; 32 Haztegi ikastolatik; 8 Gazte Txokotik eta 17 legazpiar gehiago, udaletxean izena eman dutenak». Taldeen osaketa eta lanerako guneen antolaketa bihar emango dute jakitera www.legazpi.eus webgunean.
Larunbateko 09:30an dute hitzordua partaideek plazan, eta talde bakoitza egokitu zaion erreka edo ibai zatira joango da handik. Bildutako zaborra plazara eramango dute amaieran, eta pisatu ondoren, ikusgai utziko dute bertan aste betez. Erreka garbiketa amaituta, Kattagorri elkartearen laguntzarekin hamaiketakoa emango diete boluntarioei.
Valbuena zinegotziak gogoratu zuenez, ibaiak garbi mantentzeko zereginean, Erreka Egunaz gain, udalak 1.300 metro babes sare ere jarri ditu ertzetan.