Irisgarritasuna hobetzeko bi lan egingo dituzte Itxaropen auzoan
Hainbat ataritara iristeko eskailerak konpondu eta arrapala berri bat jarriko dute. Bi gune horietan ur horniduraren instalazioak eta euri uren instalazioak ere berrituko dituzte, barandak jarriko dituzte, eta LED argiarekin argiztatuko dituzte.
Itxaropen auzoan irisgarritasuna hobetzeko helburuz, bi obra berri hasiko ditu Legazpiko Udalak aste honetan. Horietako bat auzoko 2-4 zenbakiko atarietara iristeko dagoen arrapala berritzea izango da; eta bigarrena, 15-17 zenbakien arteko eskailerak berritzea.
Construcciones Egurki Eraikuntzak enpresak egingo ditu bi obrak, hiru hilabeteko epean. Eric Galvez alkatea eta Alonso Frances udal aparejadorea auzoan izan dira gaur goizean, obren berri emateko.
Arrapala jartzea
Itxaropen 2. eta 4. atarien arteko eskailerei eta arrapalari dagokien proiektua indarrean dagoen hirigintza araudiak ezarritako zehaztapenak betez gauzatuko da. Gaur egun, bi atari horietara iristeko dauden eskailerak oso desorekatuta daude, eta horien ordez, gehienez % 8ko malda duen arrapala eta eskailera irisgarriak jarriko dituzte. Arrapala eta eskailera berriak egiteaz gain, ur horniduraren instalazioak eta euri uren instalazioak berrituko dituzte. Baranda bat ere jarriko dute eskaileren eta arrapalaren bi aldeetan, eta ibilbide osoa LED argiarekin argiztatuko dute.
Lan hauen helburua irisgarritasuna hobetzea da, eta aldi berean, argiztapen publikoa eta edateko uraren eta saneamenduaren instalazioak hobetzea ere bai. Aurrekontua 308.960,86 eurokoa da, eta Legazpiko Udalaren eta Gipuzkoako Uren artean finantzatuko da.
Eskailera mailak orekatzea
Helburu berberak ditu Itxaropenen egingo duten bigarren lanak, hau da, 15. eta 17. atarien arteko eskailera berritzeak. Eskailera horrek ez du legeria betetzen, mailak ez direlako berdinak, eta estuak direlako gainera. Orain, eskailera mailak orekatuko dituzte eta horien zabalera handituko dute. Lan horiekin batera ere gune horretako ur horniduraren instalazioak eta euri uren instalazioak berrituko dituzte, baranda jarriko dute eskaileren bi aldeetan, eta ibilbide osoa LED argiarekin argiztatuko dute.
Itxaropen auzoko bigarren lan honek 137.998,67 euroko aurrekontua du, eta hau ere Legazpiko Udalaren eta Gipuzkoako Uren artean finantzatuko da.