San Migel: Lazkaon ere egun handia
Aurten bi egunetara luzatu dute San Migel jaiko egitaraua. Afari herrikoian 1.000 lagun elkartuko dira. Lehen aldiz zezen suzkoa aterako du erraldoi eta buruhandi konpartsak
Apirilaren 28ko San Prudentzio da santurik ezagunena Lazkaon; atzetik, irailaren 29ko San Migel. Jai nagusiak ere sanprudentzioak dira eta bigarrenak, sanmigelak. Bai behintzat egun eta ekitaldi kopuruen aldetik. Giroari dagokionez, berriz, ez da halako alderik: aurten bihar eta etzi artean ospatuko diren jai txiki hauek oso kuttunak direlako lazkaotarren artean.
Egun handia biharkoa da, San Migel eguna bera, eta horren barruan, herri afaria izango da ekitaldi nagusia. Lazkaotar batek dioenez, «San Migel egun handia izaten da herritarrentzat. Eta berdin da asteko zein egun izaten den, jende asko juntatzen da afaltzera». Biharko hitzordua eginda dute dagoeneko kuadrillek, eta udalak jarritako mahaietan eta aulkietan, lagun talde bakoitzak eramandako afaria dastatzeko gogoz daude. Udalak 1.000 afaltiarrentzako lekua jarriko du, eta leku guztiak hartuta daude astelehenetik. Plazako pilotaleku estalian egokitutako jangela erraldoia lepo beteko da, beraz, beste batez.
Hainbeste herritar bilduta, San Migel jaietako unerik gorena afal ingurukoa izango da, baina aurretik izango dira ekitaldi gehiago ere. Hala, herriko jubilatuek ere izango dute festarako tartea, eta 150 lagun bazkaltzeko elkartuko dira San Prudentzio eskolako barruko jolastoki itxian, lehenengo aldiz. Aurretik meza izango dute. Bazkalondoa girotzeko, mariatxiak ere bai, baina Orobione aretoan.
Bestelako musikarik ere izango da bihar, eta afalondoa girotzeko ardura Iratzar taldearena izango da.
Aurten luzeagoak
Aurtengo San Migel jaien inguruko egitaraua luzatu egin dute, eta hurrengo egunean ere izango dira ekitaldiak. Erraldoi eta buruhandi konpartsa irtengo da hasteko, eta herrirako egin duten zezen suzkoa aterako dute, aurreneko aldiz, gau partean. Horrez gain, puntako bertsolarien saioa izango da Arerian.