Bigarren Eskuko Merkatua egingo dute igandean
Merkatuaren 3. edizioa da; urtean bi aldiz egiten dute.
Bigarren Eskuko Merkatuaren hirugarren edizioa egingo dute igandean, Ezkion. Topa Ostatuaren inguruan izango da hau, 11:00etatik 15:00etara. Iazko urrian egin zuten lehenengoz, eta maiatzean bigarrengoz; hau, beraz, hirugarren edizioa izango da. Udalaren eta herritarren artean antolatzen dute elkarlanean, eta edozeinek hartu dezake parte bertan. Oraingoan, 29 mahai egongo dira.
Miren Odriozola merkatuaren antolatzaileetako bat da, eta haren ustez helburu nagusia “jendea harremanetan egoteko elkargune bat izatea” da. “Oso polita da herrian sortzen den giroa”, gehitu du.
Izenak dioen bezala, etxean erabiltzen ez diren objektu, altzari, liburu, disko, arropa… aurkitu daiteke bertan, baina Odriozolak azpimarratu du “ume gauza asko” egoten direla. Merkatuan salgai dauden elementuei bigarren bizitza bat emateko antolatzen dute berau. Hala ere, ardoa, gazta eta txorizoa dituen postu bat ere egongo da.