Alkartasuna lizeoko frontoia eta irisgarritasuna hobetu dituzte
Esleipenaren prezioa 587.384 eurokoa izan da eta Eusko Jaurlaritzak emandako diru laguntza 287.191,49 eurokoa izan da.
Alkartasuna Lizeoan hobekuntza lanak bukatu dituzte. Pilotalekuko estalkia eraberritu dute, bertara iristeko irisgarritasuna hobetu dute eta segurtasuna bermatzeko lanak ere egin dira. Esleipenaren prezioa 587.384 eurokoa izan da eta Jaurlaritzak emandako diru laguntza 287.191,49 eurokoa izan da.
Leire Artola Beasaingo alkatea eta Adur Ugartemendia zinegotzia, Alkartasuna Lizeoko eta Guraso Elkarteko ordezkariekin izan dira azpiegitura berria bisitatzen, gaur goizean. Bertan izan dira, obra burutu duen Ipark arkitektura enpresako ordezkariak ere.
Irisgarritasuna hobetzeko, sigi-saga forma duen egurrezko egitura ipini dute, eskailerak ekiditeko, eta hala, gurpildun aulkian ere iritsi ahal izango da pilotalekura.
Bestalde, pilotalekuan estalkia berritu dute, itoginekin zegoen arazoarekin amaituz. Horrez gain, pintaketa lanak egin dituzte, argiztapena hobetu eta zoladuran ere hobekuntzak egin.
Gainera, pilotalekuko estalkiaren geometria aldatu denez -hegoaldera zuzenduriko isuri bakarreko estalkian bilakatu baitute-, etorkizunean, eguzki plakak ipintzeko aukera dago.
Guztiak «gustura» agertu dira emaitzarekin. Alkateak, eskerrak eman zizkien obrak errazteko pilotalekuaren atzeko aldean lur sailak dituzten bizilagunei, bertatik gerturatu baitute materiala.