Emakumezkoen Euskal Kopa Liga jokatuko da Antzizarren
Beasaingo BKL saskibaloi taldeak antolatu du txapelketa, Federazioaren eta Udalaren laguntzarekin. Barakaldo, Iraurgi eta Ibaizabal taldeek neurtuko dituzte indarrak. Ostiralean, larunbatean eta igandean jokatuko dira partidak.
Beasaingo Antzizar kiroldegian jokatuko dute emakumezkoen Euskal Kopa Liga hirugarren txapelketa, ostiraletik igandera bitarte, BKL saskibaloi taldeak antolatuta. Barakaldo, Ibaizabal eta Iraurgi taldeek neurtuko dituzte indarrak. 2023-2024 liga hastear dela, denboraldi-aurreko lana borobiltzeko eta sasoi puntua neurtzeko balio izango du.
«Goren mailako saskibaloia ikusteko aukera izango da», zalantzarik ez du egin Oskar Rodriguez BKL-ko kirol zuzendariak. «Punta-puntako» taldeak dira txapelketan parte hartuko duten hirurak. Ostiralean eta larunbatean 19:00etan eta igandean 12:00etan jokatuko dira partidak. Txapelketako irabazlea, partida gehien irabazten duena izango da. Rodriguezek «eskerrak» emateko ere baliatu du gaurko agerraldia; «Saskibaloi Federazioari txapelketa antolatzeko erakutsitako konfiantzagatik, eta udalari, emandako babesagatik».
Leire Artola alkateak ere esker hitzak izan ditu bueltan. «Udal Gobernu honek estrategikotzat ditu bai kirola, bai berdintasuna, beraz,azpimarra berezia BKL taldeak egiten duen lanari». Jarraian, herritar guztiak Antzizarrera gerturatzeko gonbita luzatu du.
Alberto Cea Barakaldo taldeko ordezkariak nabarmendu du «plazer handia» dela Euskal Kopan parte hartzea, eta «gogotsu» daudela «beste taldeekin indarrak neurtzeko». Joseba Lizarralde Azpeitiako Iraurgi taldeko ordezkariaren hitzetan, «oso garrantzitsua da nesken saskibaloia sustatzea eta horrelako ekintzak antolatzea».
Emakumezkoak, gehiago
Emakumezkoen saskibaloiari bultzada emateak daukan garrantziaren bueltan, aipagarria den datu bat; BKL taldean, emakumezkoak dira jokalarien erdia baino gehiago. Prentsaurrekoan izan diren beste bi taldeetako ordezkariek ere baieztatu dute datua.
Beasaingo BKLren kasuan, senior mailako talderik ezin izan dute atera denboraldi berrirako, baina helburua da, datorren denboraldira begira maila horretan ere emakumezkoen taldea osatzeko lanean segitzea.