'Europa bezain zaharra', Joxe Azurmendiren liburu berria
Europa bezain zaharra. Topoi nazional eta nazionalistak Erdi Aroa eta Ernazimentua ezkero izeneko liburua aurkeztu du Joxe Azurmendi filosofo zegamarrak. Jakin Irakurgaiak bildumako 51. liburua da.
Oharrez eta gogoetez osatutako liburua da Azurmendirena: Europan barrena errepidez, pentsamenduz edo literaturaz egindako bidaietan idatzitako testuak dakartza. Testu hau Europaren historia kulturala berrirakurtzeko gonbidapen bat da.
Lorea Agirre Jakineko zuzendariak liburuaren aurkezpenean azaldu du “nazionalismo europarren sustrai kulturalak” arakatzen eta aztertzen dituela testuak: «Beti esan zaigu nazionalismoa bidaiatuz sendatzen dela, baina Azurmendik liburuan argi azaldu du ‘sendatu ez, aitzitik, nazionalismoa bidaiatuz aurkitzen dela, nazionalismoa estatua bera bezain unibertsala baita’”.
Haritz Azurmendik egin du liburuaren hitzaurrea, eta bere ustez liburu honek “ez iragana soilik, etorkizuna ere hobetoxeago irakurri ahal izateko” tresna berriak dakartza. “Pentsagai asko eskaintzen ditu liburuak”.