Kimetz Emakumeen Elkarteak 30. urteurrena aurkeztuko du bihar
Hogeita hamar bete ditu aurten Kimetz Emakumeen Elkarteak. Bihar, 18:00etan, Barrenan, urteurreneko ekitaldi nagusia egingo dute. Gaur, Virginia Imaz clown-aren 'Akelarre' antzezlana izango da, doan.
Kimetz Emakumeen Elkarteak 30 urte bete ditu aurten. 1993. urtean sortu zuen emakume talde batek Kimetz elkartea, udalak eginiko deialdi bati erantzunez, haiek nahi zituzten ekintza edo ekitaldiak antolatzeko eta herriko emakumeen beharrak eta desirak asetzeko. Harrezkero 30 urte pasa dira, eta urteurrena ospatze aldera, hainbat ekintza antolatu dituzte, gaurtik hasita.
Gaur, 18:00etan, Barrena Kultur Etxean, Virginia Imaz clown-ak Akelarre antzezlana egingo du. Umoretik jorratuko ditu indarkeria eta berdintasun eza. Sorginkeria, sorgin ehizak, deabruarekin trukeak…izango ditu mintzagai, genero ikuspegi batetik. Imaz Pauxa izeneko sorgin hasi berria izango da, eta publikoa gonbidatuko du akelarrera. Doako emanaldia da.
Bihar, berriz, urteurreneko ekitaldi nagusia izango da, 18:00etatik aurrera, Barrena Kultur Etxean. Lehendabizi, agintariei eta bertaratzen direnei ongi etorria emango zaie Amets Bide dantza taldearen eskutik. Jarraian, 18:15ean, Kimetz Emakumeen Elkartearen azken 30 urteetako historia aurkeztu eta azalduko dute, eta 18:30ean, hasieratik elkarteko batzarretan parte hartu dutenei aitortza egingo zaie. Ondoren, Emotio Taldearen emanaldia izango da, eta bukatzeko, mokadua eskainiko zaie bertaratutakoei. Iraileko ekintzak amaitzeko, etzi, larunbatean, bazkaria egingo dute Ipop gastrotabernan, Kimetzeko bazkide direnek zein ez direnek.
Urrian izango da urteurreneko programako azken ekitaldia. Urriaren 18an, zaintzari lotutako hitzaldia izango da Barrena Kultur Etxean, 18:00etan.