Mintzalagunean parte hartzeko gonbita egin dute Legazpiko Udal Euskaltegiak eta Udalak
Euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak eta ohiturarik ez dutenak elkartzen dira egitasmo honetan. Ahozko ariketa da, lagun artean euskaraz lasai hitz egiteko gune bat.
Astean behin, ordubetez, lau-bost lagun elkartzea eta giro lasaian euskaraz egitea da Udal Euskaltegiaren Mintzalaguna egitasmoaren mamia, eta talde horietan gidari edo mintzakide izateko jende bila dabiltza. Gidaria euskaraz hitz egiteko ohitura duen laguna da, eta taldekideei laguntzeko prest egoten da. Mintzakideak, berriz, euskara praktikatu nahi duten pertsonak dira, jarioa eta erraztasuna lortu nahi dutenak.
Azken finean, Mintzalagunean euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak eta ohiturarik ez dutenak elkartzen dira. Ahozko ariketa da, eta izenak adierazten duen bezala, mintzatzeko edo hitz egiteko egitasmoa da, lagun artean euskaraz lasai hitz egiteko gune bat.
Izen-ematea irekita
Mintzalaguna egitasmoan parte hartzeko izen-ematea irekita dago, eta euskaltegiak zein udalak jende berria animatu nahi dute parte hartzera.
Izena emateko Euskaltegira joan daiteke, telefonoz 843 74 00 90 zenbakira deitu, edo esteka honetan sartu labur.eus/legazpikomintzalagunak. Izena ematean izen-abizenak eta harremanetan jartzeko modua, gidari edo mintzakide izan nahi den, eta taldea elkartzeko zein ordu nahiko lukeen.
Iaz, 50 partaide
Aurreko ikasturtean ere aurrera eraman zen Mintzalaguna egitasmoa Legazpin, COVIDak bi ikasturtez etenda utzi eta gero. Zortzi talde aritu ziren guztira eta ia 50 lagunek parte hartu zuten.