Europako Ondarearen Jardunaldiei begira dago Lenbur
Euskal Burdinaren Museoko ihes gela eta Mirandaola parkeko zuhaitzak ezagutzeko bisita gidatua proposatu ditu Ondarea bizirik lelopean egingo diren jardunaldietarako. Urrian burdinola martxan ikusteko aukera ere izango da, eta bisita antzeztu bat eskainiko dute.
Ondarea bizirik lelopean urrian zehar ospatuko diren Europako Ondarearen Jardunaldiei begira jarri da dagoeneko Lenbur Fundazioa, eta hainbat ekitaldi antolatu ditu datozen asteetarako. Urrian, gainera, Mirandaolako burdinola martxan eta bisita antzeztu baten bidez ikusteko aukera ere izango da, eta azaroan hasiko den Mari Domingi eta Olentzero tailerren kanpainarako sarrera salmentarekin jarraituko du.
Ondarea bizirik
Bi ekintza antolatu ditu Lenburrek Europako Jardunaldien bidez. Lehena, urriaren 8an izango da, eta Euskal Burdinaren Museoan eskaintzen den ihes gelaren esperientzia izango da. Esperientzia berria da, eta museoko ezagutzak barneratzeko lagungarria da. Taldetan egiteko jarduera da, eta partaideek 50 minutu izango dituzte ihes gelatik irtetea lortzeko probak gainditzeko. Proba horiek Euskal Herriko hainbat lanbide tradizionalekin dute lotura.
Bestetik, urriaren 15erako Ainara Osinalde legazpiarraren gidaritzapean Mirandaola parkea bisitatzeko proposamena luzatu du. Mirandaola parkeko arbolak Euskal Basoaren ispilu! da jarduera honen izenburua, eta parkean dauden pagoak, haritzak, astigarrak, makalak, ezkiak, hurritzak eta beste zuhaitz espezieak ezagutzeko aukera izango da. Bisitaren amaitzeko, burdinola martxan jarriko dute.
Burdinola martxan eta bisita antzeztua
Ez da urriaren 15ekoa burdinola martxan ikusteko aukera bakarra. Igande honetan bertan ere, urriaren 1ean, 13:00etan ere jarriko dute martxan. Gainera, Chillida Lantokian ere bisita eskainiko dute, 11:00etan.
Bestalde, urriaren 22rako bisita antzeztua antolatu du Lenburrek, Urola Garaia Turismoak sustatuta. Amaia Ruiz de Galarreta aktorea izango da protagonista, eta bi txanda izango dira: 11:30ean eta 12:30ean.
Mari Domingi eta Olentzero
Aurten ere egingo dituzte Legazpin Mari Domingi eta Olentzero protagonista izango dituzten familia tailerrak, eta Lenburrek salgai ditu dagoeneko sarrerak.
Euskal Burdinaren Museoan, eta Mirandaola parkean eta burdinolan gauzatuko dira tailerrak honako egun hauetan: azaroaren 4, 5, 11, 12, 18, 19, 25 eta 26an, eta abenduaren 2, 3, 6, 7, 8, 9, 10 eta 23an. Bederatzi txanda izango dira eguneko: 10:00, 11:00, 12:00, 13:00, 15:00, 16:00, 17:00, 18:00 eta 19:00; 18:00etako eta 19:00etako txandetan linterna eramatea gomendatzen dute. Txanda guztiak euskaraz izango dira, azaroak 11ko 10:00etakoa, 11:00etakoa eta 12:00etakoa, azaroaren 25eko 10:00etakoa eta abenduaren 9ko 10:00etakoa izan ezik. Bestalde, abenduaren 16 eta 17ko saioak legazpiarrentzat gorde dituzte, eta astean zehar ikastetxeentzat ere egingo dira.
Sarreren prezioa 7,5 eurokoa da, eta on-line erosi behar dira: www.lenbur.com.