Perretxikoen garaia dela erakutsi du Legazpiko Asteburu Mikologikoak
Lekanazpi elkarteak antolatutako Asteburu Mikologikoa oso arrakastatsua izan da. Elkartasuna izan da osagaietako bat, eta Katxalin eta Aspanogi elkarteen aldeko 400 'txanpi solidario' saldu dira. Ibilbide mikologikoan 54 lagun elkartu dira.
Legazpiko Asteburu Mikologikoaren antolatzaileak “oso gustura” daude ostiral arratsaldean hasi eta igande eguerdira arte perretxikoen inguruan Legazpin burutu diren ekintzek izan duten erantzunarekin. Azoka izan da topagune nagusia, eta jende ugari elkartu da bertan, Lekanazpi elkarteak antolatutako ohiko jarduerek eta berriek erakarrita.
Asteburu Mikologikoak izan duen arrakastaren lekuko zenbakiak dira: hasteko, Katxalin eta Aspanogi elkarteen aldeko ‘Txanpi solidarioa’ ekimenak utzitakoak, guztira 400 barrengorri pintxo saldu zirelako; gero, garai batean egiten zen ibilbide mikologikoarenak, 54 lagun elkartu zirelako Gorostiaga mendiko basoetan zehar perretxikoak biltzeko, horietako asko haurrak; eta azkenik, perretxiko erakusketan bildutako 108 espezieak, aurreikusita zegoen 100eko langa gainditu zutelako eta, aldi berean, jasangarritasun irizpideak errespetatzea lortu zelako.
Zenbatu ezin diren beste adierazle batzuk ere izan dira, arrakasta hori berresten dutenak: zerbezaren inguruan egindako festa, zuzeneko musika, pintxo berezien salmenta, perretxiko dastaketa, eta, batez ere, giroa.
Upelgilearen Begia erronkak ere erantzun bikaina izan du. Larunbatean, 3.286 gramo zituen saskiaren pisu asmaketan Edurne Etxeberria izan zen irabazlea, 3.288 gramo zituela apustua eginda. Igandean, Mikel Ariztimuñok irabazi zuen: saskiak 4.910 gramo zituen, eta 4.906 gramokoa izan zen bere apustua. Apustuen gai izan ziren perretxikoez beteriko saski horiek eraman zituzten sari gisa.
Haurren marrazketa gunean 42 marrazkilari gaztetxok parte hartu zuten, eta horien artean Aroa Frailek eta Divine Omorogbek Lekanazpiko kantinplora bana irabazi zuten.
Horrez gain, antolaketa eta boluntario lanetan elkartu diren 30 lagunak ere nabarmendu nahi dituzte Lekanazpiko arduradunek, “asteburu honen jarraipena ziurtatuta dagoela” argi utzi dutelako. Azkenik, perretxikoen inguruan herrian zaletasun handia dagoela ere azpimarratu dute.