Zurutuzak laugarren egin du Aragoiko Motorland zirkuituan
Asteburu gorabeheratsuaren ondoren, oraindik Junior GP txapelketa bigarren postuan amaitzeko aukerak ditu. Azaroaren 5eko asteburuan izango dira txapelketako azken lasterketak, Valentzian.
Aragoiko Motorland zirkuituan (Espainia) atzo laugarren egin eta gero, Xabi Zurutuza legazpiarrak oraindik aukerak ditu Junior GP txapelketako bigarren postua eskuratzeko. Bi lasterketa geratzen dira oraindik txapelketa amaitzeko, azaroaren 5eko asteburuan Valentziako Ricardo Tormo zirkuituan jokatuko direnak.
Asteburu gorabeheratsua izan du Legazpiko pilotuak, eta larunbateko sailkapen probetan min hartu eta gero, hamaikagarren postuan atera zen igandean irteera puntutik. Beste batzuetan bezala, lasterketa bikaina egin eta aurreko postuetan sartzea lortu zuen, azkenik laugarren eginez eta sailkapen orokorrerako 13 puntu batuz. Orain, bigarrenetik 14 puntu eskasera dago, eta Valentziako lasterketetan 50 puntu daude banatzeko. Hauxe da sailkapen orokorra: lehena, Angel Piqueras, 191 punturekin; bigarrena, Luca Lunetta, 112 punturekin; hirugarrena, Alvaro Carpe, 112 punturekin; eta laugarrena, Xabi Zurutuza, 98 punturekin.
Zurutuzak keinu bat egin zion familiari atzoko lasterketan, eta irteeran egin ohi izan den argazkirako amona Manoli eraman zuen; irudian ikus daitezke biak, amonak aterkia eusten diola. Aragoiko zirkuituaren gertutasuna dela eta, gainera, Legazpiko jarraitzaile batzuk ere joan ziren lasterketa ikustera.