Lurperatutako istorioak kalera atera ditu Anker taldeak
Izen horrekin argitaratu du bigarren diskoa Goierriko heavy-trash metal taldeak. Entzungai dago Spotify eta beste plataforma digitaletan, eta laster izango da salgai CD formatuan. Taldearen hurrengo kontzertua hilaren 21ean izango da, Amasa-Villabonako Hellbona jaialdian
Anker musika talde goierritarrak bere bigarren lana kaleratu berri du, eta entzungai jarri du Spotify eta beste plataforma digitaletan. Lanak Lurperatutako istorioak du izena, eta bederatzi piezaz dago osatuta. CDa laster jarriko dute salgai. Maria Altzelaik egin du lan berriaren azala.
Heavy-trash metal banda da Anker eta formazio berriarekin aurkeztu du lan hau. Izan ere, Gizagaitza lehen lanean parte hartu zuen Urko Ventureira baxu jotzaileak taldea utzi eta haren ordez Unax Anza ataundarra sartu zen. Gainerako kideak lehengoak dira: Joanes Legardaereño gitarra jotzailea eta ahotsa, Eneko Altzelai gitarra jotzailea eta Jon Unzurrunzaga bateria jotzailea eta ahotsa, guztiak legazpiarrak.
Ankerren lan berria lehenaren jarraipena da abestien kontzeptuei dagokienez. Gizagaitza diskoan “gizakiaren gabeziak” izan zituzten hizpide, eta oraingoan, “gabezia horietatik eragindako giza bidegabekeriak” dira oinarri, “besteak beste, lobotomia, pederastia, memoria historikoa, bullyinga, etxegabeak, askatasuna eta inkisizioa”.
Lurperatutako istorioak lanean jasotako abestiak zuzenean entzuteko aukera datorren astean izango da, taldeak Villabonako Hellbona metal jaialdian joko duelako hilaren 21ean, gauerdian.
Bi bideo
Bestalde, lanaren aurrerapen gisa diskoari izena ematen dion Lurperatutako istorioak abestiaren bideoa argitaratu zuten. Aimar Metalen Ilun Produkzioak etxeak egindakoa. Abesti honetan Asgarth taldeko Asier Enbil eta Diabulus in Musica taldeko Zuberoa Aznarez abeslariek kolaboratu dute.
Bigarren bideo bat ere prestatzen ari dira, Erretako malkoak abestiarena. Aimar Metal, Asier Imaz eta Axel Arrieta dira egileak, kolaboratzaile ugari izan ditu Ankerrek bertan, eta laster jarriko dute ikusgai Youtuben.