Minbiziaren Aurka Gipuzkoa elkarteak 2.672 euro bildu ditu Legazpin
Joan den ostiralean egin zuten diru bilketa herriko boluntarioek. Dirua minbiziaren aurkako ikerketarako eta elkarteak dona eskaintzen dituen zerbitzuetarako izango da.
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko boluntarioek 2.600 eurotik gora lortu zituzten joan den ostiralean, azoka eguna zela baliatuz Legazpin egindako diru bilketan. Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie legazpiarrei diru ekarpen horrengatik.
Diru bilketa hori minbiziaren inguruko sentsibilizazio eta elkartasun jardunaldi baten barruan kokatzen da. Eta jardunaldi horrek hainbat helburu zituen: gizarte osoak minbizia duten pertsonei babesa ematea; ikertzaile, osasun langile, boluntario, psikologo eta gizarte langileekin konpromisoa hartzea; eta ikerketa onkologikorako dirua biltzen laguntzea.
Legazpiko hainbat boluntariok parte hartu zuten diru bilketan, eta guztira 2.672,98 euro bildu zituzten ostiral goizean zehar, herriko toki desberdinetan jarritako mahaietan. Diru bilketarekin elkartea hor dagoela eta pazienteei eta senideei laguntzeko lanean jarraitzen duela gogoratu nahi zaie herritarrei.
Diruaren helburua
Lortutako dirua ikerketa onkologikorako eta elkartearen doako zerbitzuak sustatzeko erabiliko da. Hain zuzen, ikerketa onkologikoko proiektuak finantzatzen eta paziente eta senideei laguntzeko programak egiten jarraitu ahal izango du
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak, eta gaixotasunaren prebentzioko eta detekzio goiztiarreko kanpainak egiten ere bai.
Elkartearen zerbitzu guztiak doakoak dira eta, diru bilketa bezalako ekimenak ezinbestekoak dira horiek mantentzeko.
Boluntarioen lana
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak boluntario guztiei eskerrak eman nahi dizkie Legazpiko ekitaldi honetan eta beste batzuetan egiten duten lanagatik.