Erabiltzaile berriak iritsi dira Nerabeentzako zerbitzura
Gazte-txokoa eta bestelako zerbitzuak erakusteko jardunaldi bat egin dute gazteekin. Gurasoen txanda hilaren 18an izango da.
Ikasturte hasierarekin batera, erabiltzaile berriak iritsi dira Legazpiko Nerabeentzako Zerbitzura, DBHko lehen mailako ikasleak, hain zuzen. Atzo, horiei begira ate irekien jardunaldia egin zuten Gazte-txokoan, eta hurrengo asteazkenean, hilak 18, gurasoen txanda izango da.
Urtero egiten dituzte Gazte-txokoan Nerabeentzako zerbitzua aurkezteko eta ezagutzera emateko jardunaldiak. Nerabeen kasuan, zerbitzua erabiltzeko gutxieneko adinera iritsi direnak gonbidatzen dituzte, eta atzo izan ziren DBH-1eko Olazabaleko eta Haztegiko ikasleak, klase orduetan, irakasleekin batera. Zerbitzuan lanean ari diren profesionalak eta zerbitzuaren funtzionamendua ezagutzeko aukera izan zuten.
Gurasoei dagokienez, zerbitzua erabili dezaketen gazte guztienak izaten dira gonbidatuak, hau da, DBH 1etik 4ra bitarteko ikasleen gurasoak. Horiek, hilaren 18an dute hitzordua Gazte-txokoan ere, eta jardunaldi horretan bertatik bertara ezagutu ahal dute zerbitzuak egiten duen lana. Lan hori Gazte-txokoan, kalean eta sare sozialetan egiten dute.
Nerabeentzako zerbitzuaren ordutegia
Nerabeentzako zerbitzua 11 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako zerbitzu sozio-hezitzailea da. Gazteei aukera eskaintzen zaie bertan euskaraz modu aktiboan parte hartzeko, aisialdiaz gozatzeko eta lagunekin egoteko.
Nerabeei zuzendutako arretaren zati handi bat Gazte-txokoan bertan gauzatzen da, asteazken eta ostegunetan 17:00etatik 19:30era, ostiraletan, talde proiektuaren baitan, 14:00etatik 17:00etara, eta larunbat eta igandeetan, 17:00etatik 20:00etara. Gurasoei ere egiten zaie arreta Gazte-txokoan, asteazkenetan 11:00etatik 13:00etara.
Kaleko arreta, berriz, honako ordutegian ematen da: asteazkenetan 16:15-17:00, ostegunetan 16:00-17:00, ostiraletan 18:00-19:00, larunbatetan 16:00-17:00, eta igandetan 16:30-17:00. Eta sare sozialetako arretaren ordutegia hau da: asteazkenetan 15:30-16:15, ostegunetan 15:30-16:00, ostiraletan 17:00-18:00, larunbatetan 15:30-16:00, eta igandetan 16:00-16:30.