Katxalinek elkartearen materiala jarri du salgai Legazpin
Urriaren 19ko bularreko minbiziaren aurkako egunaren inguruko sentsibilizazio kanpainan dago murgilduta. Eder lentzerian eta Betieder estetika zentroan erosi daiteke materiala. Datozen bi astearteetan elkarteko kideak Kultur Etxean egongo dira saltzen, eta hilaren 20an eliza atarian jarriko dute postua.
Urriaren 19a Bularreko minbiziaren aurkako nazioarteko eguna dela eta, Katxalin elkartea sentsibilizazio kanpainan murgilduta dago hilabete honetan. Legazpin, elkartearen hainbat material jarri dute salgai, Donostian urriaren 29an egingo den Marea arrosa martxa solidarioko kamisetarekin batera.
Hala, bularreko minbizia eta minbizi ginekologikoa dutenen aldeko Katxalin elkarteak kaleratutako poltsak, biserak, kamisetak, kantinplorak, abanikoak eta eskumuturrekoak erosteko aukera dago Nafarroa kaleko Eder lentzerian eta Laubide auzoko Betieder estetika zentroan .
Hilaren 17an eta 24an, bestalde, elkarteko Legazpiko kideek Kultur Etxean salduko dute material hori 17:00etatik 19:00etara, eta ostiralean, hilak 20, azoka eguna dela baliatuz salmentarako eta informazioa zabaltzeko postua jarriko dute eliza atarian goizean zehar.