Musika taldeek grabazioak egiteko diru laguntzak izango dituzte aurten ere Legazpin
Urriaren 31n amaituko da eskaerak egiteko epea. Orain arte 22 grabazio lan lagundu ditu diruz udalak.
Grabazio lanak egin dituzten Legazpiko musika taldeek urriaren 31ra arteko epea dute udalak kaleratu dituen diru laguntzak eskatzeko. Udaleko webguneko Egoitza elektronikoaren bidez edo udaletxean bertan egin behar dituzte eskariak.
Diru laguntzen helburua musikari legazpiarrei diskoa argitaratzen laguntzea da, eta kopurua gehienez 1.000 eurokoa izango da. Musikarien abestiek giza eskubideen aldarrikapen unibertsala errespetatuko dute, eta lehentasuna izango dute eskaera lehen aldiz aurkezten dutenek, gazteek osatutako taldeek eta euskaraz sortutako grabazioek.
2009tik, 23 lan
Legazpiko Udala 2009an hasi zen herriko musika ekoizpena bultzatzeko egitasmo honekin, eta ordutik 2022era arte 19.267,08 euro banatu ditu herriko hamasei musika talderen artean. 23 lan izan dira guztia lagundu dituenak, eta batez besteko diru laguntza CD bakoitzeko 837,70 eurokoa izan da.
Azkeneko deialdian One Way taldeak jaso zuen diru laguntza, hirugarren aldiz bere ibilbidean zehar. Anker, Insanos, Butch, Elbereth, Hartu arte, Yerko Ortiz, D-Pintxos, Doinua Musika Eskolako Big Band, Vancouver, Deaf Squad, Alaitasuna Errondaila, Agurtzane eta Jon Elustondo, Iñaki Gurrutxaga, The Nekrobabies eta John Dealer & the Coconuts izan dira beste onuradun batzuk, horietako batzuk bi aldiz.