Gaur arratsaldean emango dute ETB1n Brinkolan grabatutako erromeriei buruzko erreportajea
Biba Zuek saioan eskainiko dute, Agus Barandiaran musikariaren eskutik. Iñaki Azarola brinkolarra eta Korosti taldeko Maite Gonzalez eta dantzariak izango dira protagonistak.
Garai bateko erromeriak gogoratzeko Brinkolako Guriditegi auzunean joan den astean grabatu zuten erreportajea gaur emango dute ETB1eko Biba Zuek saioan, 19:00ak inguruan, Agus Barandiaran musikariak aurkeztuta.
Iñaki Azarola brinkolarra eta Legazpiko Korosti dantza taldeko Maite Gonzalez eta hainbat dantzari dira erreportajearen protagonistak. Korrontzi musika taldeko Agus Barandiaranekin batera, lehengo dantzaldiak ekarriko dituzte gogora. Gainera, Korostiko dantzariek dantza saio labur bat egingo dute, Barandiaran bera trikitia jotzen ari dela Jon Elustondo panderojole legazpiarrak lagunduta.