Mirandaola parkea, euskal basoaren ispilu
Europako Ondarearen Jardunaldien barruan eta Lenbur Fundazioak antolatuta, Mirandaola parkeko zuhaitzak ezagutzeko aukera izango da igandean, Ainara Osinalde adituak egindako bi bisita gidatuekin.
Ondare bizia izenburupean ari dira egiten aurten Europako Ondarearen Jardunaldiak, eta egitarauaren barruan, jarduera berezi bat proposatu dute Legazpin: Mirandaola parkeko zuhaitzak ezagutzeko bisita gidatua. Igandean egingo da, bi txandatan banatuta, eta Lenbur Fundazioak antolatuta.
Ainara Osinalde izango da gidaria. Euskaraz egingo du lehen bisita 11:00etan, eta gazteleraz 12:00etan. Izena eman behar da 943 73 04 28 telefonoan edo mirandaola@lenbur.com helbidean. Prezioa 7,50 eurokoa da.
Mirandaola parkea ondare bizia dela diote antolatzaileek, eta euskal basoaren ispilu, bertan biltzen direlako espezie autoktono ugari, baita kanpokoak ere, hemengo basoa mistoa delako.
Espezien egokitzapena
Ainara Osinalde legazpiarra da, Basogintzako ingeniaritza teknikoa ikasi zuen, eta Mirandaola parkeko landaketan parte hartu zuen Goierriko lorezaintza enpresa batean egiten du lan. Basoak eta zuhaitzak, beraz, ondo ezagutzen ditu.
Igandeko bisitetan, parkean dauden espezieak aurkeztuko ditu, baina «espeziez espezie, hemen bizitzeko aukera eman dieten ezaugarriak azalduko ditut, hemen badaude, ingurune bati egokitu direlako da. Egokitzapen horren ikuspegia landuko dut». Orografia eta klimaz hitz egingo du, horietara egokitu direlako arbolak, eta egokitzapen horren ondorioa diren hostoen formari erreparatuko dio, edo zuhaitz bati hostoa erortzen zaion ala ez azalduko du. .
Mirandaola parkean inguruko basoan dauden zuhaitzak daudela dio: «Hor dauzkagu haritza, lizarra, ezkia, urkia eta pagoa, baita gaztainondoa eta intxaurrondoa ere, batzuk kanpokoak direla esaten badute ere. Gehiago ere badira, otsalizarra eta astigarra adibidez. Eta zuhaixketan hurritza, zuhandorra…».
Zuhaitz adierazgarrienak
Bisitan,«oso ezaugarri adierazgarriak dituzten zuhaitzetan» zentratuko da. Haritzaz hitz egingo du, «baso mistoko espezie nagusia delako, eta hariztiak sortzen dituelako». Pagoa ere aukeratu du, «historia oso polita duelako eta estrategiaz beteriko zuhaitza delako». Lizarra ere bai, «asko dagoelako eta esanguratsua delako», eta urkia, «baduelako gauza polit bat kontatzeko». Eta astigarra, noski, «parkean asko dagoelako». Puntu honetan, ñabardura bat egin du Osinaldek, «parkea artifiziala da, landaketak eginda sortutakoa, eta espezie batzuk autoktonoak dira, baina beste batzuk aloktonoak, astigarra bezala».
Bisita hau landareen inguruan ikusmina duen jendearentzako dela azpimarratu du, «eta oso atsegina eta erraza izango da».