Beasaingo CETEST enpresan langile bat kaleratu izana salatu du LAB sindikatuak
Langilearen kaleratzeak "lan baldintza araudi eza" agerian uzten duela dio sindikatuak.
Beasaingo CETEST enpresan jazotako kaleratze bat salatzeko elkarretaratzea egin dute LAB sindikatuak deituta, enpresaren egoitzaren aurrean, gaur goizean. Mikel Azkue LABeko ordezkariak azaldu duenez “Nerealor enpresa azpikontratatuaren bidez urtebetez lan egin ondoren, CAF taldeko filiala den CETEST enpresako langilea” da kaleratu dutena. “Pertsona horrek egin duen akats larria, CETESTekin zuzenean kontratua egiteko eskaria egitea izan da”. Langile horrek “egoera arautzeko” eskaera, “enpresarekin Mexikora programatuta zeukan bidaia baino bost ordu lehenago Jerusalemera joateko eman zioten aginduaren ondorioz etorri zen”. Azkuek nabarmendu duen moduan “langile honi azken momentuan munduaren beste puntara joateko agindua eman zioten, hori egiteko bere lan egoera erregulatzea eskatu zuenean, kaleratua izan zen”.
Horrelako egoeren erantzule egin ditu “CAF bera eta hari ingeniaritza lanak burutzeko Nerealor eta Altran bezalako azpikontratak, prekarietatearen konplizeak direnak”.
CETEST enpresaren aurrean egin duten mobilizazioarekin, “kaleratutako langilea berehala lanera itzultzea” eskatu du LAB sindikatuak. Era berean, “langileen legez kanpoko lagapen gisa iruzurrezko kontratazioak amaitzea” eskatu dute. Azkuek azaleratu duenez, “LABen salaketaren ondoren, enpresak egoera horretan zeuden hamalau langile sartu ditu jada bere lan taldean”.
Horrez gain, “CETEST enpresako lan erregulazioa antolatu” behar dela ere azpimarratu du sindikatuko ordezkariak, “langileen antolaketarekin bakarrik behartuko dena”.