Euskarazko ahotsak jasoko dituen Gaitu proiektua lantzeko bilera antolatu du Aittu euskara elkarteak
Euskararen presentzia eremu digitalean bermatzeko sortu du Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Gaitu proiektua. Beasainen proiektuaren lanketa egiteko bilera ostegunean izango da.
Euskarazko ahots-corpusa sortzen laguntzeko asmoz, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Gaitu proiektua sortu du. Honen bidez, Mozilla fundazioak martxan jarritako Common Voice ekimena elikatuko da.
Horrela, euskarak testuinguru digitalean dagokion presentzia izango du, teknologia arloan duen erabilgarritasuna finkatuko du eta erabilera-eremuak handituko ditu, hau da, «egungo teknologiak testuzko eta ahozko datu masa erraldoiak eskatzen ditu, eta, euskararen presentzia eremu digitalean bermatzeko, Gaitu izeneko kanpaina jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak, makinei eta teknologia berriei euskara irakasteko».
Bilera Aittuk antolatuta
Horren harira, Beasaingo Aittu Euskara Elkarteak, Gaitu Beasainen lantzeko bilera antolatu du. Bihar, osteguna, izango da 18:00etan, Aittuko egoitzan (Martina Maiz 3, Bake epaitegian). Herriko eragile guztiei eta batez ere, herritar euskaldun guztiak daude gonbidatuta.