Hizkuntza-kontzientzia pizteko ekitaldi sorta antolatu dute Lazkaon
Herriko eragile ugarik bat egingo dute, ostiralean eta larunbatean, haurrekin jarduerak egiteko, euskaraz aritzeko ohitura ere erakutsiz.
Haurren aurrean, helduok heldu kanpaina orokorra Lazkaon txertatuko dute. Kike Amonarriz soziologoaren hitzaldiarekin hasi zen ekimena, orain bi aste, eta jarraiko bi asteburuotan izango du segimena. Euskaltzaleen Topaguneak ideiatutako kontzientzia-hartze saiakera da Haurren aurrean, umeen hizkuntza-erabileran eta prestigio ematean helduen portaerak eta ereduak duten garrantzia eta balioa azaleratzeko.
Helburu bikoitza du: bat, helduen arteko hizkuntza ohiturak euskararen aldera lerratzea; eta, bestea, helduek haurren hizkuntzaren ikaskuntza eta sozializazio prozesuetan duten eraginaz sentsibilizatzea.
Ostiralean hainbat ekitaldi
Bi asteburutan garatuko da egitaraua Lazkaon. Udaletxean izena eman behar dute parte hartu nahi dutenek.
Ostiral honetan, urriak 20, 10:45ean ikastolak kantu-jira egingo du, plazan. 17:00etan, Oin Arin dantza taldeak ikastaro bat emango du, ikastolako jolastoki estalian. 18:00etan, Oin Arinekin eta Lazkao Txiki Musika Eskolako ikasleekin erromeria izango da, plazako frontoian. 19:00etan, azkenik, Jotake Lazkaun taldeak taloak egiten irakatsiko die haurrei (LH 4, 5 eta 6koak).
Larunbatean, Zagupe aisialdi taldeak ume jolasak jarriko ditu, 17:00etan, plazan, LHkoentzat. Azkenik, urriaren 27an, kantu-jira errepikatuko dute goizean, eta 17:00etan Kolorez jantzia ipuin musikatua izango da.