Katxalinek arrosaz koloreztatu du Legazpi
Urriaren 19ko bularreko minbiziaren aurkako egunaren inguruko sentsibilizazio kanpainan dago murgilduta. Elkarteak ordezkaritza bat du Legazpin.
Ibilbide laburrekoa da oraindik, baina bularreko minbizia edo minbizi ginekologikoa dutenen aldeko Katxalin elkarteak badu ordezkaritza txiki bat Legazpin. Saturnino Telleria kaleko udal lokaletan du egoitza, eta bertan elkartzen dira herriko kideak, minbizia mota horiei ikusgarritasuna emateko helburuarekin ekintzak antolatzeko eta behar duten guztiei babesa emateko.
Orain, urriaren 19ko bularreko minbiziaren aurkako nazioarteko egunaren inguruko kanpainan daude murgilduta, eta arrosa kolorez bete dute Legazpi. Izan ere, arrosa kolorea, eta kolore horretako xingola dira bularreko minbiziaren aurkako borrokaren ikurrak.
Elkartzeko lokala
Legazpiko Katxalin Ana Martin herritarraren ekimenez sortu zen duela hiru urte. Martinek berak bularreko minbizia izan zuen, eta elkartera jo zuen babes bila. Elkarteak egiten duen lanean ere inplikatu zen, eta Legazpira loteria ekartzen hasi zenean, «jendea animatu egin zen» eta talde txiki bat osatuta, «laster hasi ginen lokal baten eske, eta gauzatxoak egiten». Ordura arte, legazpiarrek Ordiziara, Bergarara edo Zumarragara jo behar izaten zuten Katxalinek eskaintzen dituen zerbitzuak erabiltzeko.
Udalak hasieratik erakutsi zuen gaiarekiko sentsibilizazioa, eta toki bat utzi zien Santurnino Telleriako lokaletan, Emakumeen Etxean. «Baina orain lokal independente batera joango gara, bularreko minbiziak gizonezkoei ere eragiten dielako, eta emakumeekin batera batzuetan senarrak ere etortzen direlako».
Katxalinen egoitzan elkartzen diren emakumeak ez dira guztiak bularreko minbizia izan dutenak edo dutenak, «boluntario batzuk» ere badituzte taldean. Astero elkartzen dira, eta bilera horiek «terapia moduko bat dira, asko hitz egiten dugu, negar eta barre ere bai, elkarri babesa ematen diogu». Astearteetan elkartzen dira, 17:00etatik 19:30era.
Eskulanak ere egiten dituzte, «Bihotz forma duten kuxinak egiten ditugu, Onkologikoko edo Ospitaleko Ama-haurrentzako eraikinean dauden kontsultetan bularreko minbizia duten pazienteei oparitzeko». Kuxin horiek oso praktikoak dira beso azpiko gongoilak kendu dizkietenentzat. Bihotz txikiak ere egiten dituzte, «elkartearen ikur txiki bat dira, eta ateetan-edo jartzen ditugu».
Aurten, ekintza ugari
Bularreko minbiziaren aurkako sentsibilizazio kanpainak aurten presentzia handia izango du Legazpin. Azken urteetan bezala, eta udalaren elkarlanari esker, xingola arrosa jarrita dago astelehen eguerditik udaletxeko balkoian, eta udaletxeko fatxada arrosa kolorez argiztatuko da aste osoan zehar. Gainera, Katxalineko kideek osteguneko LegazTipi-Tapa paseo osasungarrian parte hartuko dute, zapi arrosak jantzita.
Elkartearen materiala ere salduko dute, «biserak, motxilak, kantinplorak, eskumuturrekoak, abanikoak eta urriaren 29ko Marea Arrosa elkartasun martxako kamisetak». Atzo Kultur Etxean egon ziren, eta hurrengo asteartean ere bertan izango dira, 17:00etatik 19:00etara. Gainera, datozen bi ostiraletan eliza atarian mahai bat jarriko dute eta ohiko diru bilketa egingo dute xingola jartzearekin batera. Botiketan ere jarrita daude itsulapikoak.
Ilinti merkatari elkarteak ere bere ekarpena egin du, eta Katxalinekin batera antolatu du Udazkeneko porra, bere azken kanpaina. Bihotz txikiekin eta xingola arrosekin bete ditu bi ontzi, herritarrek kopurua asma dezaten. Herriko dendek, bestalde, arrosa kolorez apaindu dituzte erakusleihoak, eta Martinek herritarrei deia luzatu die «aste honetan zehar arrosa koloreko arroparekin janzteko eta leihoak eta balkoiak ere arrosa kolorez apaintzeko». Marea Arrosan ere parte hatuko dute, eta joateko deia luzatu die legazpiarrei.
Oraingo kanpaina amaitutakoan, ekintza gehiago etorriko dira, abenduan egingo duten azoka solidarioa bezalakoa, «lortutako dirua Biodonostiara bidaliko dugu, minbiziaren ikerketarako». Hitzaldiak eta tailerrak ere antolatu nahi dituzte.
Udalaren laguntza
Martinek esker hitzak ditu udalarentzat, sentsibilitate handia duelako. Astelehenean udaletxeko balkoian xingola arrosa jartzean, Josu Santurde zinegotziaren laguntza izan zuten Katxalinekoek, eta udalean Gizartekintza, berdintasuna eta lankidetza arloak gidatzen dituen sozialistak sentsibiltate hori berretsi zuen: «Bularreko minbizia izan duten edo duten emakumeekin eta gizonekin Katxalinek egiten duen lana ikaragarria da, eta ikusgarritasuna eman behar zaio, baita gaixotasunari berari ere». Ikerketaren garrantzia ere azpimarratu zuen Santurdek.